PLENTZIA. Gaurtik aurrera, hilak 14, ostirala, Plentziako Udalak aparkaleku eskasaren arazoari irtenbidea ematen saiatuko den plana jarriko du martxan: bi gune berri txandaka eta doan aparkatzeko. Bata, Astilleron eta bestea, aldiz, Plazatxoan.

Guztira, hogei bat aparkaleku egokituko dira, hamar Plazatxoa inguruan, Jai-Alai pilotalekuaren ondoan, eta beste hamar Astilleron, Frontoi kalean, Labasture kaletik Areatza kaleko bidegurutzeraino doan tartean.

Neurri honekin Udalak helburu bi lortu nahi ditu. Batetik, gune horietan aparkatzeko erraztasunak ematea eta aparkalekua bilatzeko denbora murriztea, eta bestetik, herriko merkataritza eta ostalaritzari bultzada bat ematea. Horrela, herritarrek doan aparkatu ahal izango dute bi eremuetako edozeinetan ordubetez, behar dituzten kudeaketak egiteko edo erosketak egiteko eta tokiko establezimenduetan kontsumitzeko.

Guneak urdinez markatuta daude eta plazak egunero erabili ahal izango dira 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Dohainik aparkatzeko gehieneko denbora ordubete izango da.

Horretarako, erabiltzaileek aparkamendu-disko bat lortu behar dute banaketa-gune hauetakoren batean: Erribera kaleko eta Alde Zaharreko denda eta lokaletan eta turismo-bulegoan. Udala gaur hasi da establezimendu eta lokal horietan mila disko inguru banatzen, eta sistema horren ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko informazio-gutun bat ere eman zaie.

Disko hau ondo ikusteko moduko leku batean utzi beharko da, ibilgailuaren barruan, eta, bertan, aparkatzeko ordua markatuko da. Ordua amaitutakoan, erabiltzaileak ibilgailua kendu beharko du, aparkatzeko gunea txandaka erabiltzeko.

Sistema, proba pilotu gisa garatuko da, eta funtzionatzen badu, Udalak behin betiko ezartzeko aukera aztertuko du.

Jarduketa honekin, Udalak mugikortasuna hobetzeko eta hainbeste joan-etorri eta aparkaleku eskasia pilatzen dituzten bi eremu horietan irtenbideak emateko konpromisoa erakusten du, baita herritarren eskaerei erantzuteko konpromisoa ere.