GETXO. Behin 2019/2020 ikasturtea amaituta, balantzeak egiteko garaia da, eta balantze horien artean ateratako ondorio nabarmengarrietariko bat Adikzioen Prebentzioko eskola-programetan gauzatutako partaidetzaren areagotzea izan da.

Datorren ikasturteari begira, Prebentzio Zerbitzuak ohiko helburuei eutsiko die, hala nola gaitasun pertsonal positiboak eskuratzen laguntzea (autoerregulazio emozionala, balioak), substantzien erabilera desegokiaren aurrean arriskuak prebenitzen eta murrizten laguntzea, eta teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzea, beti ere, edukiera murriztuz eta beharrezko osasun-neurriak hartuz, hel daitekeen egoerara egokitzeko.

2019/2020 ikasturtean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 13 ikastetxetako 199 gelako 3.899 ikaslek parte hartu dute Adikzioen Prebentzio Programako jardueretako batean. Besteak beste, asertibitatea lantzen duen "Apika" ipuin-kontalariaren jarduera oso positibotzat baloratu da, eta baita Emokiren tailerrak ere. Horietan emozioak kudeatzen lagundu dute harreman afektibo-sexual osasuntsuak garatzeko, eta, aldi berean, teknologiek ikasleengan duten eragina ere aztertu dute.

KALAMU-KONTSUMOAREN ARRISKUARI BURUZKO SENTSIBILIZAZIOA

Bestalde, udalerriko 8 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 114 ikasgelatako 2.556 ikaslek aukera izan dute droga-mendekotasunen prebentzioari, alkoholaren eta drogen arriskuari, apustuei, on line jokoari, sare sozialen erabilera egokiari eta abarri buruzko tailerretan parte hartzeko.

Jarduera aipagarrienetako bat izan da egiten ari den esku-hartzea, beste udalerri batzuekin eta Osakidetzako "Lehenak" zerbitzuarekin lankidetzan. Helburua da kalamuaren kontsumoaren arriskuei buruz sentsibilizatzea eta osasun mentalarekin lotutako arrisku-pertzepzioa areagotzea, eta, aldi berean, ohiturak eta portaerak sustatzea bizimodu osasungarriak txertatzeko. Horretarako, kaltetutako gazte baten parte hartzearekin bideo bat egin da, bere testigantza emateaz gain, ikasleen kezkak erakusten dituena.