GETXO. Bihar arratsaldean, hilak 18, larunbata, estropaden XLII. Ikurrina jokatuko da Getxon. Lehiaketa bikoitza izango da, José Antonio Agirre Lehendakariari egindako XVI. omenaldia: alde batetik emakumezkoen Euskotren Liga jokatuko da, eta bestetik, gizonezkoen Eusko Label Liga. Ekitaldia arratsaldeko 17:40an hasiko da eta 19:30ean amaituko da, gutxi gorabehera. Estropaden eremua Algortako Portu Zaharraren aurrean kokatuko da.

Estropada 17:40an hasiko da Euskotren Ligako emakumezkoen probarekin, eta bertan lau traineruk hartuko dute parte. Jarraian, berriz, Eusko Label Ligako gizonezkoen proba jokatuko da, hamabi trainerurekin.

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten KAE 1 eta 2ko estropadak beranduago antolatuko dira; zehazki, abuztuaren 9an, 22an eta 23an izango dira. Beraz, hiru egun horietan ikusi ahal izango dugu Getxo Arraun lehian, KAE 1 Ligan. Txapelketa horretan, estropaden eremua Arriluzeko itsasargiaren aurrean kokatuko da.

Covid-19aren osasun-krisia dela eta, proben antolakuntza 'zero publikoko ekitaldi' bezala bideratu da. Modu horretan, TKEk nahiz Getxo Kirolak-ek txapelketak telebista bidez jarraitzea gomendatzen dute; eta bertan ikustea erabakitzen dutenei gogorarazten diete beharrezkoa dela babesteko neurri pertsonal guztiak hartzea kutsatzeko arriskua gutxiagotzeko, hala nola maskara erabiltzea eta pertsonen artean 1,5 metroko distantziara egotea. Era berean, garraio publikoa erabiltzea edo oinez hurbiltzea gomendatzen da; alegia, ibilgailu pribatuak ez erabiltzea egun horietan berez jende asko biltzen den zonan.