GETXO. Gaurtik hasita eta hurrengo sei hilabeteetan, Getxoko, Berangoko eta Sopelako biztanleek alokairu partekatuko patinete elektrikoen esperientzia pilotuen bigarren faseaz gozatu ahal izango dute.

Lehen esperientzia ona izan zen Getxoko Udalarentzat, zerbitzua modu ordenatuan eta kontrolatuan eskaintzen baitu, MPIrentzat (Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak) prestatutako geralekuekin, patineteak aparkatzen diren leku estrategikoetan banatuta, ibilbideen abiapuntu eta helmuga gisa. Ekimena hobetu egin da, orain Getxok 30 km/h-ko hiri-bilbe ia osoa baitu, Berangok bezala, eta inguruko hiru udalerriak patinete bidez lotzen dira.

Euskooters enpresa Bizkaiko pertsona ekintzaileek osatzen dute, eta Getxoko Udalarekin lankidetzan garatu du zerbitzua, app bat deskargatuz eta erabiliz, herritarren beharretara eta eskaeretara egokituz.

Esperientzia berri horretan, ekimenean parte hartzen duten hiru udalerriek bat egiten dute enpresa horrekin: patinete elektrikoa, -errealitate bat hiri askotan-, gizalegez erabiltzeak onura handiak dakartza. "Hiri barruko mikromugikortasunaren eta turismoaren zerbitzu jasangarria da, teknologia berrien eskutik. e-scooterra, ingurumenarekin errespetutsua izateaz gain, eremu publikoan espazio gutxien okupatzen duen hiri-garraiobidea da. Gainera, mugitzeko aukera eroso, berritzaile, dibertigarri eta isila da", zerbitzua sustatzeko liburuxkan aipatzen denez. Patinetea metrotik hondartzetarako anezka izango da, garraio publikoaren zerbitzu osagarri gisa; erabiltzaileek eguneroko bizitzan beren ibilbideak azkarrago, seguruago eta, batez ere, iraunkorrago egiteko erabiltzea nahi da; baita aisialdirako edo bisitariek eta turistek gunea ezagutzeko modu desberdin gisa ere; eta, aldi berean, autoaren gehiegizko erabilerak eragindako auto-pilaketak libratzen ditu. Izan ere, autoa da istripuen eta zirkulazio-gatazken lehen kausa.

Balio erantsi gisa, patinete elektrikoak Covid-19arengatik ezarritako urruntze soziala betetzen laguntzen du, eta zerbitzua ematen duen enpresak flota osoaren eguneroko desinfekzio-neurriak aplikatuko ditu, hondakinik sortzen ez duen ozono-makinarekin.

ZERBITZUAREN EZAUGARRIAK

Erabiltzaileek Euskooters app-aren maparen barruan, bai bidegorrietatik bai 30 km/h-ko muga duten errepideetatik zirkulatu ahal izango dute; inoiz ez dute espaloitik ibili beharko, horrela oinezkoak errespetatuz, eta beti kontuz eta bide publikoko gainerako erabiltzaileak errespetatuz.

Hiru udalerrietako MPI puntuetan astegun, lanegun eta jaiegunetan 90 irristailu hartu eta utzi ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 10:30etik 21:30era.

Getxoko lehen esperientzian prestatutako patineteak jaso eta emateko 15 guneei, eta 30 km/h-ko zonak udalerriaren zati handi batean ezartzearen ondorioz, beste sei gehitu zaizkie, besteak beste, Neguri, Aiboa, Algorta eta Bidezabaleko metro-geltokietan eta Arrigunagako hondartzan. Berangon ere udalerri osoan ibiliko dira, alokatzeko eta aparkatzeko lau eremurekin (Berango metro geltokia, Berangoeta Bidea, Simon Otxandategi etorbidea eta Jesús María Leizaola kalea); eta Sopelan, batez ere bidegorrietatik, beste lau punturekin (Salvaje-Barinatxe eta Arrietara hondartzetako aparkalekua, Atxabiribil hondartzako aparkalekua, Arrietara 5 -hondartzetara doan bidegorriaren hasiera- eta Loroño kalea -udaletxearen aurrealdea-).

FUNTZIONAMENDUA

Erabiltzaileek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte. Aplikazioa deskargatu ahal izango da (iOS eta Android-en dago), erregistratu, eta norberaren kokapenetik gertuen dagoen patinetea aurkitu eta aukeratu. Desblokeoaren prezioa 0,95€ da, eta horri 0,15€ gehitzen zaizkio ibilbideko minutu bakoitzeko (BEZ barne). Kreditu-txartelarekin edo PayPal-ekin ordain daiteke, kontsumitzen den diru-zorroaren sistema baten bidez. Patinetea QR kode baten bidez desblokeatzen da eta ibilbidea botoi baten bidez amaitzen da.

Ibilbideetan kaskoa erabiltzea gomendatzen da, eta bideen (30 km/h) eta bidegorrien abiadura maximora egokitu beharko da. Baimendutako muga geografikoak gainditzen badira aplikazioak jakinaraziko du, baimendutako zirkulazio-eremura itzul dadin; eta izan litezkeen zigorren eta ibilbidea automatikoki amaitzearen berri emango du.