BILBO. Herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin, Getxoko Udalak 5.040 bonu jarri ditu salgai. Bonu horiek gaurtik aurrera erosi ahal izango dira, eta herriko saltoki, ostalaritza eta enpresetan kontsumitu ahal izango dira. Ekimen hau Udalak abiarazitako "Berton erosi!" kanpainaren barruan dago.

Koronabirusaren pandemiak ekonomian izan dituen ondorioen ondoren negozioek bizi dituzten inguruabarrak kontuan hartuta, abian jarri da ekimena, baina oraingo honetan bonuek bolumen handiagoa eta iraupen luzeagoa izango dute, eta zenbatekoak ere desberdinak izango dira. Diseinu berria egin ahal izan da udalerriko merkatarien hiru elkarteek (GetxoEnpresa, Algortako Dendak eta Romo Bizirik) eta Getxoko Ostalaritza Elkarteak, Ekonomia Sustapenaren Arloarekin batera, egindako ahaleginari esker, kanpaina hau aurrera eramateko kezkak eta baldintzak landu eta adostu baitituzte.

Getxoko establezimenduetan kontsumituz saltokiak, ostalaritza eta enpresak berraktibatzen lagundu nahi dutenek bonuak hemen eros ditzakete: Kutxabanken webgunean (bonuak etxean inprimatuta) edo zuzenean Kutxabanken kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, edozein kreditu- edo zordunketa-txartel erabiliz.

40€-ko bonuak egongo dira 50€-ko kontsumoak egiteko eta 20€-koak 25€-ko kontsumoak egiteko, eta txartel bakoitzeko gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira.

Bonuak kontsumitu ahal izango dira txikizkako merkataritzan, ostalaritzan edarien kontsumo ez-esklusiboetarako, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan eta Getxo 2020 planetan zerbitzuak eskaintzen dituzten aisialdiko enpresetan.

GetxoBono 2020 kanpainak urriaren amaierara arte iraungo du, edo bonuak agortu arte.