GETXO. Getxoko Udalak, konfinamendu garaia hasi zenean, herriko adineko pertsonei dei egin zien euren egoera jakiteko helburuarekin. Orain, 65 urtetik gorako pertsona gehienek senideen, lagunen, auzotarren edota kontratatutako pertsonen laguntza izan dutela jakinarazi du udalak eta, beraz, ezerren beharrik ez dutela.

"Bizi dugun egoera hau herritar guztientzat zaila bada, are zailagoa da pertsona ahulenentzat eta adinekoentzat. Populazioaren sektore horiek beti ditugu gogoan eta orain gehiago. Hain zuzen ere, lan-arazo bereziak dituzten pertsonak, beharrizan- eta bakardade-arazoak dituztenak, senideekin harreman zuzenik ez dutenak, kutsadurarekiko sentikorragoak diren sektoreak, gainerako herritarrak baino egoera delikatu eta konplexuagoan daudenak. Pertsona horiek guztiek zuzeneko laguntza jasotzen dute, eta Gizarte Zerbitzuetatik egiten ari garen ekintza sozial eta ekonomikoen hartzaile dira. Horien artean daude gure adinekoen beharrei entzutea, oinarrizko zailtasun ekonomikoak dituztenentzako laguntzak ematea, aterpetxe bat prestatzea. Horiekin guztiekin batera, udaletik beste ekintza batzuk ere egiten ari gara, deitzen dugun normaltasun berrira itzultzea bultzatzeko", adierazi du Amaia Agirre alkateak.

TELEFONO-DEIEN BALANTZEA

Udalak 6.473 etxebizitzako lagin batekin lan egin du, apirilaren 15etik maiatzaren 5era, batzuetan hiru aldiz harremanetan jartzen saiatzen, hainbatek ez dutelako erantzun edo telefonoa okerra zelako. Guztira, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 2.396 pertsonak erantzun dute, eta baita 65 urtetik gorako beste pertsona batzuekin bizi diren 5.451 adinekok (2.898 etxebizitzatan) ere. Hau da, Udala 5.225 etxebizitzarekin eta 7.847 bizilagunekin jarri da harremanetan. Horietatik % 49,3 Algorta-Neguri barrutian bizi dira,

% 34,1 Romo-Areetan eta % 16,5 Andra Marin. "Gizarte Zerbitzuen Unitatean baloratu egin genuen dei horiek egitea gure auzokide nagusienen egoera bertatik bertara ezagutzeko, inor zailtasun-egoeran ez geratzeko. Adineko pertsonek asko eskertu dizkiote udalari erakutsitako interesa, eta deien bidez jasotako hurbiltasuna eta maitasuna. Eskura dauden zerbitzu guztien berri eman diegu, hala nola, Guztion Artean sareko boluntarioek ematen duten laguntza edo PsicoBizik ematen duen laguntza psikologikoa. Egiaztatu dugu kontsultatutako pertsona gehienek eguneroko premiak beren familia, lagunak, bizilagunak edo kontratatutako pertsonen bidez konpontzen dituztela", azaldu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.