GETXO. Bihartik aurrera, maiatzak 11, orain arte itxita egon behar izan diren ostalaritzako establezimenduek pertsana igo ahal izango dute, deseskaladaren lehenengo fasean sartuko baita Euskadi. Hori dela eta, Getxoko Udalak ostalaritza sektorean segurtasuna bermatzeko neurriak ezaguarazi ditu.

Horrela, aire zabaleko terrazak (bi horma edo gutxiagokoak) publikoarentzat berriz irekitzeko baimena ematen zaie gaur egun baimena duten, zerga-betebeharrak egunean dituzten eta administrazio-zehapenik jaso ez duten establezimenduei, baimendutako mahaien %50rekin (10 pertsona gehienez mahai edo mahai multzo bakoitzeko). Terrazaren okupazioa baimendutako mahaien % 50era mugatzen bada ere, baimendutako mahai kopurua bakoitia bada, ateratzen den kopurua gorantz biribildu ahal izango da. Mahaiak erditik gora gehitzeko aukera ere eskaintzen da, baldin eta hasieran baimendutako azaleraren barruan mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia fisikoa errespetatzen bada, eta, gainera, terrazarako azalera handitu nahi duten establezimenduek Udalari dagokion baimena eskatu beharko diote, eta horrek egiaztatuko du bide publikoaren zati horretan oinezkoentzako espazioa proportzionalki handitzea bideragarria den.

Baimen guztiek udal-ordenantza bete beharko dute mugei, ordutegiei eta legez ezarritako gainerako betekizunei dagokienez, eta baita Udal Jabetza Publikoa okupatzeagatiko Tasa arautzen duen Zerga Ordenantzan xedatutakoa eta Alarma Estatuari dagozkionak ere.

Gogoratu behar da sektore hori itxita egon den bitartean ez dela tasarik aplikatu eta ez direla izapidetuko, eta terrazak ezartzen direnean urteko azken hiruhilekora arte ez direla kobratuko.