BILBO. Getxoko Fadurako Garagardotegi zaharrak kirolarekin loturiko proiektu berriak babestuko ditu. Espazioan tokiko enpresa eta proiektu berriei ere lekua emango zaie.

Proiektuan aurreikusita dago, batetik Garagardotegiaren alderik sozialena berreskuratuko duen eraikin bat altxatzea. Hau da, kirol taldeen bilerak eta ospakizunak, jarduera ezberdinak, erakusketak edo kirolarekin loturiko erakusketa edo proiekzioak egiteko leku bat. Eta, bestetik, kirolari loturiko enpresa berriei babesa emango die espazio horrek. Espazio horretan egin daitezkeen jarduerak, beraz, askotarikoak izango dira eta eskakizun desberdinak beharko dituzte, baina eraikinak batasun-irudia izango du bere osotasunean, eta kirol-erakundeentzako gizarte-zentro gisa garatzen ari zen jarduera ematen jarraituko dela bermatuko du.

Hiru giro

Hala, higiezina hiru girotan proiektatzen da, eta horietako bakoitzaren egokitze mailaren arabera definituta geratzen da. Lehenengoa, gune itxia eta girotua izango da; bigarrena espazio estalia, baina alboetan estali gabea; eta hirugarrena, espazio estalia eta mugetan partzialki itxia. Hiru guneei batasuna emango dien elementu aglutinatzailea egitura izango da, itsasontzi baten zuakerren gisa, modu seriatuan eta erritmikoan jarraitzen dena. Egitura osoari dagokionez, zonaka itxiko da, funtzionaltasuna nabarmentzeko eta hainbat eta aldi bereko jarduerak egin ahal izateko.

Espazio itxi eta girotuak bi solairu izango ditu. Beheko solairuan, erabilera anitzeko zona nagusia aurkitzen da; besteak beste, ospakizunak, proiekzioak, bilerak edo erakusketak egiteko. Zona horren alboan, bilerak egiteko hiru gela daude, tabike mugikorrez bananduak; hortaz, azalera tamaina ezberdinetara egokitu ahal izango da. Gelak, aldi berean, hiru biltegi txikirekin konektatuko dira.

Goiko solairua, bestalde, espazio gardena izango da, beheko solairuko erabilera anitzeko espaziotik banandua, eta kirol-munduarekin loturiko negozioen ekintzaileentzako haztegi moduan erabili ahal izango da. Bi solairuek nahitaezko komunak eta komunikazio-gunea edukiko dituzte. Erdiko espazioa, gutxien girotuta dagoena, higiezin osora sartzeko gunea izango da eta alboko lekuren batean edo bestean garatuko diren jardueretarako ere erabili ahal izango da eguraldi ona egiten duenean.

Azkenik, hirugarren espazioa, estalia eta alboan zertxobait babestuta dagoena, kirol taldeek haien kideak kohesionatzeko antolatutako ospakizunak eta otorduak egiteko erabiliko da. Gune horretan, itxitako zona bat ere egongo da, komunak, biltegi txiki bat eta janariaren azken tratamendua edo tresnak garbitzeko espazioa izateko.

Materialak

Espazioari dagokionez, ekipamenduak iragazkortasun eta irisgarritasun handia izango du giro desberdinen eta kanpoaldearen artean, eta eraikin atsegin, ireki eta irisgarri baten irudia proiektatuko du. Beheko solairuan erabili beharreko materialak harrizkoak izango dira, eguneroko erabileraren eta zorupearen hezetasunaren aurrean iraunkortasun handiagoa ziurtatzeko. Material mota gogorrago horrek, estalkiaren zurezko elementuen adeitasun eta gozotasunarekin kontrastatuko du, eta horiek igarotzen den argia ñabartu eta indartuko dute, baso bateko hostoak eta adarrak igarotzerakoan gertatzen den moduan.

Oinarrizko proiektua, bere diseinuan parte hartu duten pertsona, elkarte eta klubekin egiaztatu da, parte-hartze prozesu horren ondorioz burututako aurreproiektuan egindako ekarpen gehienak jasotzen direla ziurtatzearren. Datozen hilabeteetan entregatuko da ekipamendu horren lanak hasteari bide emango dion proiektua.