BILBO. Getxoko Kirol Portuaren inguruetan izango da triatloia eta bertako kapitaintza-eraikinean bilduko dira partaideak goizeko 10:30ean. Hortik Ereaga hondartzako ezkerraldera joango dira, Arriluzeko kaiaren ondoan 10:45ean 2.700 metroko igeriketa-proba hasiko dela. Arriluzeko itsasargian ezkerretara hartu eta portuko kapitaintzara abiatuko dira igerilariak proba amaitzeko.

Bertatik 11:25ean abiatuko da korrikaldia Bizkaia Zubiraino eta, jarraian, Algortako Kirol Porturaino, berriro Kirol Portuan amaitzeko. Guztira, 8.200 metroko ibilaldia egingo dute kirolariek. Horren ondoren, 12:15ean, bela-proba abiatuko da. 3,2 itsas-miliako tartea egingo dute 10 belaontziek ABRAko kostaldean, hasiera eta amaiera kapitaintzako kaian izango direla.

Gainera, eguerdian, 12:00etan, Kirol Portuan bertan oroimenerako ekitaldia izango da. Aurresku dantza egingo da bertan eta abesbatza-saioa izango da, agintarien parte-hartzearekin batera. Triatloia 14:00ak aldera amaituko da sari-banaketarekin eta goizean zehar haurrentzako jokoak izango dira umeak ere egunaz gozatzeko aukera izan dezaten.

AEAren atzetik belak zabalik

Ekimen honen bitartez “AEAren atzetik belak zabalik” proiektuarekin hasitako lanari jarraipena emango zaio. Iaz, horren bultzatzaile den Iñaki Elorriaga getxotarra, ELAk jota dagoena, Fisterre lurmuturreraino eraman zuen proiektuak bela-itsasaldian. Horren bitartez gaixotasun larri eta konplexua ikusarazi nahi egin zuten partaideek, egun Espainiako estatuan 4.000 bat gaixo erasaten dituena. Triatloiarekin, beste pauso bat emango dute antolatzaileek sendaezina den gaixotasun neurologiko hori eta gaixoen bizitza-baldintzak hobetzeko hain beharrezkoak diren zainketa aringarrien garrantzia erakusteko. Halaber, triatloia dela eta, ADELA-Bizkaiaren aldeko diru-bilketa abian jarri dute. Dohaintzak honako banku-kontu honetan egin daitezke: ES34 2100 4952 122200037309 (Caixa Bank).