SOPELA. Sopelak Mendi Astea ospatuko du urriaren 15etik 17r. Ekintza Sopelako Udalak antolatu du, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiarekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin lankidentzan. Beste ekintza askoren artean, programatuta dago hitzaldi bat eta Mendi Film Festivala. Hauek guztiak Kurtzio Kultur Etxean egingo dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrerak doakoak izango dira leku guztiak bete arte, eta gonbidapenak Udaletxean, Sopelarinen edota Kurtzio Kultur Etxean banatuko dira.

Zehazki, urriaren 15ean, asteartea, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako “Prebentzioa eta segurtasuna mendian” saioaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bestalde, asteazkenean, hilak 16, Pablo Perezek “Remando en el Canadá salvaje, expedición en canoa en el río Yukon y kayak de mar en las islas de Haida Gwaii” hitzaldia eskainiko du. Hizlaria Kanadan gida gisa bizi eta lan egin du eta bertan izandako esperientziak kontatuko ditu. Izan ere, bi asteko espedizioetan arraunean izandako esperientzia ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuen. Balea, itsas lehoiak, hartzak, otsoak, altzeak, koioteak eta hegazti ugari esperientzia bereziak ekarri zizkioten naturalistari, baina suteek, ekaitzek eta haize indartsuak Ipar Amerikan natura basatiaren intentsitatea sentitzeko aukera eman zioten ere Pablo Perezi.

Azkenik, Mendi Astearen amaiera borobil gisa, mendi zinemagintzako film onenak eta gaur egunekoak biltzen dituen Mendi Tourrak udazkeneko zirkuituari Sopelan emango dio segida. Iazko Bilbao Mendi Film Festivalean sarituak izan ziren edota Mendi Tour zirkuituan gustokoen gertatzen ari diren filmak emitituko dira Kurtzion, besteak beste: “Bayandalay- Lord of the Taiga” (2018ko BMFF-eko kultura eta natura Film onena), “Viacruxis” (2018ko BMFF-eko labur onena), “Everest Green” (2018ko BMFF-eko mendiko film onena) eta “Up to Speed” (2018ko BMFF-eko sail ofiziala).