BILBO. Getxok sare sozialetako argazki lehiaketa bat jarri du martxan. #irristatugetxon lehiaketaren helburua da herritarrei modu atseginean gerturatzea irristatze-kirolen industria. Horretarako, irailaren 20tik 29ra arte interakzioa ahalbidetzen duten bost photocall jarriko dira udalerriko hainbat puntutan.

Interesa dutenek argazkiak egin behar dituzte beraiek hautatutako photocall-ean, eta Instagramen, Twitterren edo Facebooken geolokalizatu eta elkarbanatu, #irristatugetxon traola erabiliz (baita #deslizateporgetxo edo #ridearoundgetxo). Bost sari egongo dira, photocall bakoitzeko bana: surf ikastaro bat Acero Surf Eskolan, surf ikastaro bat La Salbaje Surf Eskolan, skate ikastaro bat La Kantera Skate Eskolan, belaontzian irteera bat “Sea Bizkaia” ontzian eta bi pertsonarentzako urpekaritzako hastapen-ikastaro bat Tarpoon urpekaritza-zentroan.

PHOTOCALLAK

Bizkaia Zubian Garazi Sánchez surflariarena egongo da; La Kantera-Arrigunagan Alain Goikoetxea skater-arena; Kirol Portuko biribilgunean “Tarpoon” urpekaritza-zentroko urpekari talde batena; Areeta-Txurruka hondartzan “Ave Fénix” belaontziko emakumezkoen eskifaiarena, eta Ereaga hondartzan, turismo bulegoaren ondoan, Eneko Acero surflariarena.

Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Iñigo Urkitzak adierazi duenez, “modu horretan, kirolariak eta irristatze-industriari lotutako negozioak ez ezik bela, surfa, skatea edota urpekaritza praktikatzeko Getxok dituen baldintza onak ezagutzera ematea” da asmoa. “Getxon ondare natural bikaina eta itsasoari lotutako hainbat jarduera praktikatzeko egitura aproposak ditugu. Gure bost hondartzak ezin hobeak dira irristatze-kirolak praktikatzeko. Ezaugarri ezberdinak dituzten 23 olatuei esker, gure kostaldea kokaleku paregabea da surfaren modalitate guztiak praktikatzeko, bodyboard eta SUP barne. Skatean aritzeko egiturak ere baditugu, La Kantera pool entzutetsua buru dela, eta horietan nazioarteko hainbat topaketa egin izan dira. Horrez gain, gogoan izan behar da epizentro nautikoa garela; izan ere, kirol portuan eta Areetako kaian belari, nautikari eta urpekaritzari lotutako 65 negozio eta 1.200 amarratze daude”.

Turismo zinegotzia den Irantzu Uriartek honako hau nabarmendu du: “Getxoko turismo-eskaintzaren baitan, hainbat enpresak itsasoari eta irristatzeari lotutako 25 plan eta esperientzia baino gehiago eskaintzen dituzte. Familia-aisiako proposamenak, eskari handia izan ohi dutenak; esate baterako, hainbat formatutako belaontzi-zeharkaldiak, ontzien alokairua, urpekaritza-ikastaroak, surf-ikastaroak, paddle surfekoak, irteerak uretako motorretan, El Bote Tours, skate ikastaroak... ”.

SARIAK

5 sari egongo dira, photocall bakoitzeko bana: surf ikastaro bat Acero Surf Eskolan, surf ikastaro bat La Salbaje Surf Eskolan, skate ikastaro bat La Kantera Skate Eskolan, belaontzian irteera bat “Sea Bizkaia” ontzian eta bi pertsonarentzako urpekaritzako hastapen-ikastaro bat Tarpoon urpekaritza-zentroan.

Photocall bakoitzeko argazki bat sarituko da irailaren 30ean egingo den zozketaren bidez. Egun horretatik aurrera, @GetxoUdalaren sare sozialetan eta www.getxo.eus webgunean jakinaraziko dira irabazleen izenak eta sariak, eta saritutako argazkiak zeintzuk izan diren erakutsiko da.