BILBO. Leioako Udaltzaingoak udan etxeetan lapurretak saihesteko aholkuak banatu ditu auzokideen artean. Aholkuak eta jarraibideak biltzen dituen liburuxka banatuko da buzoi guztietan. Lapurretak saihesteko garrantzitsua da lagun edo auzoko bati esan, noizean behin, posta jaso eta leihoak irekitzeko, edo zorua eta ate nagusiaren artean tarterik ez dagoela egiaztatu. Gainera, sare sozialetan etxetik kanpo zaude argitaratzea ere ez da komenigarria.

Argitalpen honen bidez, leioaztarrek oporrak eta etxea prestatu ahal izango dituzte lasai asko. Gainera, lapurretarik gertatuko balitz, paperean azaldu egiten dizkigute jarraitu beharreko pausuak, Udaltzaingoaren eta SOS Deiak-en telefonoak barne.

Prebentzioa aldamioak dituzten etxeetan

Arreta berezia izan beharko dute fatxadan aldamioak instalatuta dituzten leioaztarrek. Eraikinetan aldamioak instalatzen dituztenean, gaizkileek etxebizitzetara igotzeko aprobetxatzen dute, eta haietan harrapatzen dituzten baliozko objektuak lapurtu. Horrelakoak zailtzeko, hau proposatzen da:

- Itxi aldamioetatik sartzeko moduko leihoak eta pertsianak.

- Itxi aldamioetatik sartzeko moduko eskaileretako leihoak.

- Erretiratu aldamioetatik ikus daitezkeen baliozko objektuak.

- Saiatu segurtasun-neurridun aldamioak instalatzen.

Lapurretak ez dira udan bakarrik gertatzen

Datuek diotenaren arabera, etxeetan gertatzen diren lapurreten %40 udan izaten dira, lapurrek aprobetxatzen baitute jabeak ez daudela erosoago ibiltzeko. Horrexegatik, Udalak ohartarazi nahi izan ditu herritarrak, eta jarraibideen bitartez, halako gertaerak ekiditeko modu fidagarrienak erakutsi.

Hala ere, Udalak garbi utzi nahi du lapurreta hauek ez direla bakarrik udan gertatzen, edozein arotan gerta daitezke. Hori dela-eta, egunero aintzat hartu beharreko aholku batzuk ematen ditu:

- Ez utzi giltzak lanpasaren azpian edo ezkutatuta.

- Erantzun atezain automatikoari deitzen duten bakoitzean.

- Itxi beti giltzarekin etxetik irtetean.

- Deitu Udaltzaingoari gure ataritik zokomiran dabiltzan pertsona susmagarriak ikusiz gero.