BILBO. Bihar, arratsaldeko 18:00etan, hasiko da Leioako Umore Azoka. Azokak igandera arte iraungo du. Guztira, doako 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira.

Biharko, osteguneko, inaugurazio jardunaldia, 22 emanaldik osatuko dute. Lehenengo emanaldiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Bulebarrean eta Sabino Arana kalea oinezkoentzako prestatu ondoren sortutako espazio berrian. Ondoren, agertoki orokorrari gainerako lekuak gehituko zaizkio: Aldapa auditorioa, Udondoko Bulebarra, Udaletxeko plaza eta Errekalde plaza. Horrez gain, Estartetxe, Kultur Leioa eta Sakoneta hartuko dituzten hiru ikuskizun ibiltari ere egongo dira.

Maila artistikoan, azpimarragarria da biharko aurreikusitako ikuskizunetatik zortzi erabateko estreinaldi direla, eta beste hiru antzezlan lehenengo aldiz eskainiko direla kalean. Horrez gain, arratsaldeko seietan emanaldiak hasten direnetik, ikuskizunak ez du atsedenik izango ia gauerdia gainditu arte.

Leioan lehen aldiz ikusi ahal izango diren antzezlan guztiak Euskadiko konpainienak dira. Hiria eta bertako pertsonak antzezle bilakatzeko oihal eramangarria erabiltzen duen Zanguango Teatro taldearen “Al otro lado”; oso elkarrizketatzaile berezi bilakatu den Álvaro Mansoren eskutik etorriko den “Reportero on Fire”; familia osoa barrezka jartzeko XX. mendearen hasierako estetika ingeles zoroa ekarriko duen Goitibera taldearen “Yijaaa!!!”; bertsolari txapeldunari lagunduko dioten oso txotxongilo bereziak ekarriko dituen Toni la Salen “Txontxongilo Bertsolariak”; oso biguna eta musikala den pertsonaia berezia protagonista duen Salitre Teatro konpainiaren “Mr. Soft. Silence dance o no”; eta dantza bertikal ikusgarriarekin geometria dibinoetatik bidaia proposatzen duen La Glo Zirko Dantzaren “Sacred”.

Horrez gain erabateko estreinaldiak izango dira, baita ere, Nafarroako Circo Dabitxi konpainiaren “La máquina y yo”, makina berezi baten eta pertsona xume baten arteko harreman bitxiari buruzko lana; eta Teatro Violeta-Diminuto Teatro sobre Ruedas madrildarren “Una situación insostenible”.

Kaleko hiru estreinaldi ere egongo dira, Rolabola andaluziarren “Rock Circ” ?izenak esaten duen bezala rock-a eta zirkua uztartzen dituen ikuskizuna?; Murtziako Uparte taldearen “Áureo”, maila tekniko altuko akrobaziak; eta Andaluziako Vaivén Circo konpainiaren “Esencial”.

Lehenengo jardunaldia, dagoeneko estreinatuta dauden baina beste ekitaldi batzuetan ikus-entzuleen eta profesionalen txaloak jaso dituzten beste bost proposamenekin osatuko da. Talde horretan bi euskal lan daude: Garazi y Cía taldearen eskutik etorriko den “Erraia”, kable gaineko oreka, musika instrumentalarekin; eta mudantza bat clownean oinarrituta kontatzen duen Intujai Teatroren “Aire hemendik”. Horrez gain, Sincronacidas gailegoen “Ohlimpiadas”, El que ma queda de Teatre katalanen “Antipasti” eta Nuc valentziarren “Aigua” lanez ere gozatzeko aukera izango dugu.

Profesionalei zuzendutako jarduerak

Ikuskizunera hurbiltzen diren pertsonentzat azoka, modu ofizialean, biharko 18:00etan hasiko den arren, Umore Azoka Leioa lehenagotik hasita egongo da profesionalentzat. Umore Azoka Leioaren azoka izaerako osagaia da. Aurten berrehun profesional eta artista baino gehiago erakarriko ditu, esperientziak konpartitzeko eta ezagutza trukatzeko.

Horrela, bihar, ostegunean, SAREAren ? Antzokien Euskal Sarearen, Batzar Nagusia egingo da, goizeko 09:00etatik 11:30era, eta 12:00etan Artekale-SAREA IV. topaketa hasiko da. Topaketa horretan konpainiek euren kaleko arte proiektuak aurkeztuko dituzte Euskadiko antzokien arduradunen aurrean.

Aldi berean, 11:30ean Artekale espazioa jarriko da martxan Kultur Leioan, aurkezpen ofiziala 17:00etan egingo den arren. Horren barruan daude Umore Meeting izenekoak, profesionalen eta programatzaileen arteko negozio bilera azkarrak.