Ermuko Udalak ezagutzera eman du Aritzmendi pilotalekuan dagoen erabilera anitzeko gelaren aurpegi berria. Kirol sailak "errebote" areto hau termikoki eta akustikoki isolatu ditu, besteak beste.

Aretoak musika-ekipoa, aireztapen- eta berokuntza-sistemak, hormetako batean ispiluak eta beste horman ballet-barra bat ditu. Azken urteetan erabilerarik gabe egon ondoren, gune hori berritu egin da azarotik aurrera jarduerak programatzen hasteko, Miguel Angel Blanco kiroldegiaren osagarri gisa, eta, horrela, ikastaroen eskaintza zabaltzeko.

Aritzmendi frontoiak "Frontis aretoa" ere badu, tatami batez hornitua, eta arte martzialen inguruko ikastaroak ematen dira bertan.

Bi aretoetako, frontoiko kantxako eta padel-pistetako erabiltzaileek bi aldagela dituzte eskura. Dutxa termostatikoak, armairuak, berokuntza- eta aireztapen-sistemak eta ile-lehorgailuak daude bertan -egun lehorgailu bakarra dago aldagela bakoitzean, baina datozen asteetan beste lau jarriko dira -.

PILOTALEKUAN ESKURAGARRI DAUDEN JARDUERAK

Miguel Angel Blanco kiroldegiko aretoak ia guztiz beteta daude, eta, beraz, "erreboteko aretoa" eraberritzea bezalako neurriak hartu dira, kirol-eskaintza areagotzen jarraitzeko eta beste instalazio batzuen erabilera biziberritzeko.

Pala, frontenis edo eskupilota partidetarako ohiko erabileraz gain, Aritzmendi pilotalekuan eskubaloiko entrenamenduak ere egiten dira. Izan ere, bi ate mugikor daude, iraultzeen aurkako sistemarekin.

Gainera, iaztik, kiroldegiko pista berritzearen ondoren, patin jarduera frontoiko kantxan egiten da, eta erabiltzaileak oso pozik daude aldaketarekin.