Koronabirusaren berragerraldiak uda arraro baten murgildu gaituen arren, Durangoko Udalak babestu eta bultzatu duen Uda Kulturaz Blai programazioa inolako ezbeharrik gabe burutu da. Asteburu honetan izan diren azkenengo emanaldien ondoren, Durangok amaiera eman dio udako hilabeteetan kaleak bete dituen kultur programazio zabal eta anitzari. Horrekin, udako kultur zikloaren lehenengo edizioaren balantzea egiteko garaia iritsi da. Besteak beste, 4.600 lagun bildu dira 35 dantza, musika, antzerki, zirku eta bestelako emanaldietan, eta antolatzaileek positiboki baloratu dituzte egindako beste hainbat jarduera ere.

Durangoko gobernu-taldeak eta Uda Kulturaz Blai programazioaren antolatzaileak kulturaren alde eginiko apustua baloratu nahi izan zuten atzo eta era berean jendeak izan duen erantzuna ezagutzera eman zuten. Izan ere, Uda Kulturaz Blai egiteko batu diren sinergiak edo lan-taldeak balorazio positiboa egin zuten uztailaren 3tik irailaren 5era bitartean izan diren ia 100 ekitaldi, jarduera eta emanaldiekin. Zentzu horretan, Arantza Arrazolak, San Agustin Kultur Guneko arduradunak, zehaztu zuen moduan “aurreikusi genituen 38 ikuskizunetatik, hiru ez dira egin hainbat arrazoirengatik, hala nola euria, publiko falta eta bidaiatzeko ezintasuna, baina burutu diren 35 ikuskizunetan 4.600 lagun elkartu dira, % 72ko edukierarekin batez beste”. Bestalde, eta bi hilabete hauetan egin diren beste hainbat jarduerei dagokienez, hala nola bisita gidatuak, tailerrak edota hitzaldiak erantzun oso positiboa izan zuten, baita ekimen guztietan ezarri diren segurtasun neurriak beti errespetatu izan dira.

Ima Garrastatxu, Durangoko alkateak laburbildu zuenez, “hasieratik oso argi geneukan kulturak gure laguntza behar zuela eta udalerria berpizteko benetan garrantzitsua zela. Ekintza honekin erakutsi dugu gauzak ondo eginda kultura segura dela”. Era berean, Julian Rios alkateordeak “Durangon argi utzi dugu kulturaz modu seguruan goza daitekeela”, nabarmendu zuen.