Gai bat, esaldi bat eta objektu bat. Aurretik 24 ordu. Hori izango da ‘Labur Esanda’ lehiaketaren abiapuntua. Berbaro Elkarteak antolatuta, irailaren 11tik eta 12ra Durangoko film laburren lehiaketa burutuko da. Bideogintza lantzea, ikus-entzunezkoen sustapena eta euskerazko bideoak sortzea helburu nagusiak izanik, egungo egoeran gazte edo helduen aisialdirako eskaintza ezberdin bat izatea espero dute ‘Labur Esanda’ film lehiaketaren antolatzaileak.

Durango euskalduntzeko helburuarekin Berbaro Elkarteak 31 urte daramatza gizartearen arlo ezberdinetan hainbat ekimen, proiektu eta jarduera antolatzen eta eskaintzen. Oraingoan, eta ezhoizko testuinguruan izanda ere, Durangoko ‘Labur Esanda’ film laburren lehiaketa aurrera eramaten ausartu da, elkarte honek antolatzen duen lehenengo edizioa. “Eskualdean badago horrelako ekimenak bultzatzeko kultura bezalako bat. Adibidez, Elorrion, Arriola Antzokiak ‘24 Ordu Digitalean’ lehiaketa bultzatzen du eta gure lehiaketaren oinarriak berdinak dira. Eredu moduan Elorrioko ekimena hartu dugu eta Durangon azkenengo urteetan Zapaburu Gazte Konpartsak antolatu izan duen ‘Zap’Ing’ lehiaketa bertan behera geratu zela enteratu ginenean, komenigarria iruditu zitzaigun horrelako gauza bat ez galtzea eta nolabaiteko zuloa edo geratutako hutsunea bete behar genuela pentsatu genuen. Konfinamenduan zehar ikusi dugu hainbat bideo sortu eta kontsumitu direla eta momentu honetan aisialdi eskaintza ezberdin bat bultzatea interesgarria iruditu zitzaigun, lagun taldearekin egiteko aproposa”, azaltzen du Markel Sánchez, Durangoko Berbaro Elkarteko kudeatzaileak.

Horrela, ostiralean, arratsaldeko 16.00etan “Labur Esanda” lehiaketa martxan jarriko da Durangoko Plateruena kafe antzokian. Bertan, parte-hartzaile guztiei gai bat, momentu baten agertu beharko den objetu bat eta esaldi bat emango zaizkie eta gero 24 ordu izango dituzte aurretik. Larunbatean, arratsaldeko 16.00etan beranduenez grabatu eta editatutako bideoa entregatuta egon beharko du. “Gure helburua, beste modu bateko aisialdi eskaintza bat izateko aukera ematea da, edonork parte har dezake, bakarka, binaka, edo taldeka. Baina era berean bideogintza lantzea, ikus-entzunezkoaren sustapena eta euskerazko bideoak sortzea da. Gai bati lotitua, gidoi txiki bat prestatu, toma batzuk egin, grabatu eta editatu. Seguruenik bost minutu bueltako bideoak izango dira, baina parte-hartzaileen arabera laburtu egin daikete, Plateruenean egingo den proiekzioa luzeegia ez izateko”, nabarmentzen du Berbaroko kudeatzeileak.

500 euro saritan

Parte-hartzea sustatzeko Berbarok 500 euro banatuko ditu saritan. Film irabazleak 300 euro jasoko ditu eta beste bi finalistak 100 euro bakoitzak.

Era berean, aurkezten diren film labur guztiak Plateruenean ikusi ahal izango dira. Egungo egoeran beharrezkoak diren neurri eta protokolo guztiak hartuta, larunbatean, hilaren 12an, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara emanaldirako doako sarrerak banatuko dira eta 22.00etan film laburren proiekzioa eta sari banaketak izango dira.

Egunean bertan izena emanez parte hartu ahalko da, baina hala ere antolakuntza lanak errazte aldera, aldez aurretik izena ematea eskertuko zuten. Horretarako laburesanda@berbaro.eus helbidea dago.

Kamerak eta mugikorrak prest daude Durangoko film laburren lehiaketarako. 3, 2, 1…Grabatzen!

“Gure helburua bideogintza lantzea, ikus-entzunezkoaren sustapena eta euskerazko bideoak sortzea da”

“Honelako aisialdi eskaintza ezberdin bat bultzatea interesgarria iruditu zitzaigun”

Berbero Elkarteko kudeatzailea