Atxondok eskolako kolunpioen gunea estaliko du

Lanak iraila honetan hasiko dira eta epea hilabete bat luzatuko da amaitzeko

05.09.2020 | 01:01

Atxondo – Datozen egunotan hasiko ditu Atxondoko Udalak herriko eskolako kolunpioen gunea estaltzeko lanak. Jarriko duten estalkiaren oinarria lau zutabek osatuko dute eta horrela bederatzi metroko luzera izango duen polikarbonatozko teilatu fijo bat instalatuko du tokiko administrazioak. Lanak hasten diren momentutik hilabeteko epea izango dute.

Udal-arduradunek azaldu zutenez, korporazioak hartutako erabakiak hiru helburu ditu. Alde batetik, herriko ikastetxe publikoa indartzen jarraitzea. Bestetik, euria egiten duen egunetan eta egungo egoeran ikasleek eta haurrek jolastu ahal izateko espazio berri bat izatea. Eta, azkenik, 2019ko ekainean Ziarreta kaleko joko-eremua itxi ondoren, beharrezko segurtasun-neurriak ez betetzeagatik, joko-espazio berriak gaitzeko hartutako konpromisoari erantzutea. "Euria egiten duen egunetan Atxondok aukera gutxi ditu txikienentzat, eta eskoletako jolasgunea estaltzea garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dugu are gehiago egungo egoeran", azaldu zuen Xabier Azkaratek, Atxondoko alkateak.

Estaltze lanak kontratu txiki baten bidez gauzatuko dira, eta udal arduradunek uste dute estalki hau jartzeko lanak irailaren bigarren astean hasiko direla. Behin hasita, teilatuaren egitura jartzeko epea hilabetekoa izango da. Eta lanak amaitu eta gero, Atxondoko umeek gune berri bat izango dute joslasteko euria egiten duenean eta, batez ere, segurtasun-neurri guztiekin.