ZORNOTZAKO Koadrilen elkarteak (Zokoel) Karmengo eta Santanatxuko jaietako hainbat ekitaldi eta jarduera antolatzen ditu. Guztietatik ospetsuenak, koadrilen eguna, koadrilen challenge famatua eta nola ez, marmitako lehiaketa dira.

Azkenengo urteetan gero eta presentzia nagusiagoa izan dute gazteen elkarte ezberdinetako ekarpen guztiek. Horrela urtean zehar ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzte, eta zentzu horretan jaietan izaten duten presentzia handia izaten da.

Koadrilen challenge famatuaren kasuan, Markel Atutxak, Zornotzako Koadrilen kideak, froga ezberdinak prestatzen dituztela adierazten du. "Badaukaguz urtero egiten diren froga batzuk. Adibidez, marmitako lehiaketa ezaguna, herri kirolak, Ibaizabal errekatik egiten den koadrilen arteko piragua jaitsiera, playback txapelketa, gincana bat edo altxorraren bila moduko frogak prestatzen eta burutzen dituguz egun ezberdinetan".

Guztira eta urtero hamabost bat koadrila inguru aritzen dira challenge txapelketan eta jaietako giro bikaina eskaintzen dute urtero. Jaietan parte-hartzea sustatzea benetan garrantzitsua da Zornotzako Koadrilen elkartearentzat eta horregaitik txapelketa horretan parte hartzen duten lagun guztie, jaien azkenengo egunean sari bat ematen diote. "Santanatxu egunean bazkari bat egiten dugu eta denok doako gonbidapena izaten dute sari moduan. Gainera eta azkenengo bi urteotan, bazkaldu ostean challenge sailkapenean lehenengo bi klasifikatuen artean azken froga bat egiten dugu koadrila irabazlea nor den jakiteko eta txapela emateko".