Egungo osasun-krisiaren ondorioz sortu diren egoera ahulean edota gizarte-larrialdian dauden familiei zuzenduta, Iurretako Udalak hainbat produktu freskoekin hornitzeko bonuak luzaratuko ditu herritarren artean. Guztira, 5 euroko 2.000 bonu izango dira banatuko direnak eta horretarako, tokiko administrazioak 10.000 euroko diru laguntza bideratu izan du.

Laguntza horri esker, herriko familia eta kolektibo ahulenek elikagai galkorrak, hala nola, fruta, barazkiak, landareak, haragia eta arraina erosi ahal izango dute, elikadura osasuntsua eta orekatua izaten jarraitu dezaten. Izan ere, udal arduradunek adierazi zuten moduan “produktu freskoak garestiak dira, eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei produktu ez-galkorrak edukitzea” beharrezkotzat jo dute.

Guztiz 2.000 bonu izango dira eta onuradunek hilero jasoko dituzte beren bonuak, aurrekontuko 10.000 euroko kreditua agortu arte. Ildo horretan, gizarte-zerbitzuek egiaztatutako egoera sozioekonomiko larrian dauden udalerriko familiek eskuratu ahal izango dituzte bonu horiek, betiere eskatutako baldintzak mantentzen diren bitartean. Horrela, Iurretan erroldatuta izanda eta larritasun sozioekonomikoko egoeran badaude edo gizarte-zerbitzuek zuzenean eratorriak direla egiaztatzen dutenek jaso ahal izango dituzte 5 euroko balioa izango duten bonu horiek. Besteak beste, bonuen zenbatekoa familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaren arabera zehaztuko da. Adibidez, heldu baten kasuan 50 euroko bonu laguntza izango du. Bi pertsona heldu edo gehiago badira laguntza 80 eurokoa izango da. Bi adingabe arteko familiak 120 jasoko dituzte bonuen bidez eta hiru adingabek edo gehiagok osatutako familiak 150 euroko diru laguntza izango dute produktu freskoez hornitzeko.

Bonuak Herritarrendako Arreta Zerbitzuan (HAZ), Bidebarrieta 5 kalean, emango dira eta herriko bost bat denda eta saltokietan trukatu ahal izango dira: Amador Foncea Iurreta Harategia, Milagros janaridenda, Hermanos Gutiérrez fruta eta barazkiak, José Antonio harategia eta Garitaonandia arraindegian.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 15ean bukatuko da, eta bonuek 2020ko abenduaren 31ra arte jarraituko dute indarrean.

Ekimen hau, covid-19 delakoak sortutako behar sozioekonomikoei aurre egiteko onartutako neurrietako bat izan da baina ez da bakarra izango. Udalak ezagutzera eman duenez, hilaren erdialdean argitaratuko dira autonomo, denda, ostalaritza eta abarrentzako 75.000 euroko dirulaguntzak, eta uztailaren bukaera arte eskatu ahal izango dira.

Era berean, irailean, merkataritzarako eta ostalaritzarako bonuen kanpaina jarriko da martxan. Kanpainaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango dela aurreratu dute udal-agintariek eta abenduaren erdialdera arte iraungo du.

normaltasun berria

Bestalde, eta normaltasun berrian egokitzeko prozesuaren baitan, udalak nagusien egoitza eta gainontzeko instalazioak, berriz ere, martxan ditu. Nagusien egoitzaren kasuan, espazioa egokitu egin da segurtasun-distantziari eusteko, edukiera mugatuz eta zenbait neurri hartu dira espazioaren erabilera behar bezalako bermeekin izateko.

Zentzu horretan ere, biblioteka eskola-esparruetako aisialdirako espazioak eta frontoia ere zabalik daude duela egun batzuetatik hona. Azkenik, eta egun eguzkitsuei begira edota umeen aisialdirako, Askondoko udako ur-zurrustak dagoeneko funtzionamenduan daude. Ordutegia goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 21:00etara izango da, betiere erabiltzaileen erantzukizunari helduta. Horretarako, udalak eskatu du “espazioez arduraz jokatzeko eta gozatzeko, eta erabilera, edukiera eta distantziak betetzeari dagokionez jarritako abisuak errespetatzea”. Ur-zurrusten gehienezko edukiera 9 pertsonakoa da, segurtasun-distantziak mantendu beharko dira, oinetakoak eramatea ere beharrezkoa izango da eta adierazitako sarrera- eta irteera-sarbideak erabili beharko dira.