- Gero eta gutxiago falta da Apatako udako igerilekuak irekitzeko. Atxondoko Udalak ezagutzera eman duenez astean zehar irekiko dira osasun krisialdiak eragin duen egoera berrira egokituta. Hala nola, edukiera mugatua izango da 200 erabiltzaileri, babes-neurriak jarriko dira eta goizeko eta arratsaldeko txandak ezarriko dira ahalik eta jende gehienak aisialdi gune horretaz gozatzeko aukera izan dezan uda berezi honetan.

Udalari dagokionez, udal arduradunek azaldu zuten, "dena prest dagoela aurtengo igerilekuetako denboraldiari hasiera emateko. Azkenengo eta ohiko ur-frogen emaitzen zain gaude eta heldu bezain laster, hurrengo egunotan, irekiko dira".

Oraingoan eta eskualdeko beste igerilekuetan gertatu den bezala, instalazioak berriro irekitzeko baldintzak eta funtzionamenduak egungo egoerara egokituak izan dira. Horregatik, hainbat osasun-neurri jarriko dira martxan erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Besteak beste, higieneari dagokionez, espazioa guztiz desinfektatuko da egunero, beste seinaleztapen bat egingo da, maskarak eta gela hidroalkoholikoak erabili beharko dira, eta segurtasun-distantziak, ordutegiak (aurretiko hitzordua hartuta) eta edukiera (200 erabiltzaile inguru) errespetatu beharko dira.

Atxondoko igerilekuak irailera arte zabalik egongo dira eta denboraldiko abonuei dagokienez aurreko urtearekin alderatuta, Udalak % 50eko jaitsiera egingo die udalerrian erroldatuta dauden pertsonei.