ERMUA. Euskadin zein Estatu mailan egingo den lehenengo IoT (Internet of Things edo Gauzen Interneta) laborategi erakuslea hartuko du Izarra Centrek. Ekimen hau Ermuko Udalaren eta GAIA Euskadiko Informatika, Elektronika eta Telekomunikazioen Kluster Elkartearen lankidetzari esker eraman ahal izango da aurrera. Bertan, soluzio teknologikoen katalogo zabal bat eskainiko da, hiriei eta enpresei beren baliabideen kudeaketan lehiakorragoak eta efizienteagoak izateko aukera emango diena. Horrela, eskaera indartzeko, kasu praktikoak ezagutzeko eta horrelako irtenbideek ekar ditzaketen onurak eta abantailak ikusteko gai izango dira partehartzaileek.

Anbizio handiko proiektu honek aurrera egin ahala, Ermuko eta Mallabiko industria-enpresak bertan inplikatzeko lanean ari dira sustatzaileak, horrela digitalizazioaren trena hartu ahal izan dezaten. Hala, Ermuko Udala eta GAIA enpresekin harremanetan daude IoT irtenbideak aurkezteko eta horiek aztertu ahal izateko, digitalizazioaren onurak lortzeko eta lehiakorragoak izateko.

Orain arte, inguruko enpresa guztiek begi onez ikusi dute ekimena, eta laborategian garatzen diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko interesa agertu dute. Izan ere, ezinbestekoa da horrelako proposamen digitalak hedatzen laguntzea, horiek garatzeko finantzaketa bilatzen lagunduz.

Bestalde, Ermuan bertan testatzeko konponbide proposamenak jasotzeko protokolo bat diseinatu da. Udalak hainbat proposamen jaso ditu dagoeneko, hala nola edukierak kontrolatzeko sistema bat. Une honetan Ermuan pilotu bat ezarri ahal izatea aztertzen ari dira.