ERMUA. Bihar, hilak 13, larunbata, Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Eibar eta Ermuaren artean sustatutako erronka solidarioa bukatutzat emango du. Ekimen horretan Greziako Lesbos uharteko Morla errefuxiatuen gunera bidaltzeko dilistak eta arroza bildu dira, bertan dauden errefuxiatuen beharrei erantzuteko.

Ermuak eta Eibarrek ahalik eta produktu gehien biltzeko borroka sanoan dihardute, gure udalerrian kasuan arroz biribila eta ondoko herrian dilista txikiak (pardina deritzatenak) bilduko dira. Ermuko udalak tona bat arroz (1.000 kilogramo) eman du, iazko edizioan bezala. Herritar eta biztanle ugarik ere beren ekarpena egin dute. Ermuan, 'Arriaundi' okindegiak dituen bi establezimenduetan egin ditzakegu emariak: Valdespinako Markesaren okindegian (10. zenbakia) eta Zubiaurre kaleko saltokian (36. zenbakia).

Covid-19aren pandemiak baldintzatu du aurtengo ekimena, konfinamendu asteetan eten egin behar izan baita. Berrabiarazi ondoren, eta zailtasunak zailtasun, antolakuntzak konfiantza du bi herritarren eskuzabaltasunean eta iaz bezalako erantzun handia izatean. 2019an lau mila kilogramo bildu zituzten. Hori lortzea, errepikatzea edo gainditzea gure esku egongo da. Bizitzen ari garen ezohiko urte honetan ere eskatzen da -ahal den neurrian behintzat- material higienikoa eta sanitarioa emateko, hala nola konpresak, haurtxoen pixoihalak, eskuoihalak, hidrogelak eta higiene pertsonaleko beste batzuk, errefuxiatu kanpamenduetan ez baitute ez ur korronterik ez komunik.

AMAIERA EKITALDIA EIBARKO UNTZAGA PLAZAN

Aurtengo bilketa datorren larunbatean amaituko da, Eibarko Untzaga plazan gauzatuko den ekitaldi batekin, non Mireia Alonso eta Jesus Gonzalez ostalari bikoteak dilista eta paella prestatuko duten, eta 5€uroko errazioetan eskainiko, erosleek etxera eraman eta kontsumitu dezaten. Hori guztia, Covid-19ren aurkako prebentzio-neurriak babesteko.