AMOREBIETA-ETXANO. Koronabirusaren krisia pixkanaka-pixkanaka atzean utzita, gaur, ekainak 1, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen hasi da berriro. Zerbitzu horien artean udal liburutegiarena dago, zeinak ateak irekiko ditu berriro segurtasun neurriak betez. Hori bai, liburuak eskatzeko eta itzultzeko zerbitzua eskainiko da bakarrik momentuz.

Gainera, jendaurreko ordutegia murriztua izango da. Astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta astean arratsalde bitan, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara.

Eraikineko harrerara doazenek banan-banan egin beharko dute, eta bi metroko segurtasun tartea gorde beharko da (jarri diren seinaleak errespetatu beharko dira). Maskara erabiltzea beharrezkoa izango da, baita zentroko harrerako atean dagoen gel desinfektantea erabiltzea ere.

Jendetza ekiditeko, liburu eta bestelako materialen mailegua, esaterako DVD edo CDak, aldez aurretik eskatu beharko da 946300626 telefono zenbakira deituz, mezu elektroniko bat bidaliz liburutegia@amorebieta.eus helbidera edo OPAC online katalogoaren bidez. Eskaria egin eta biharamunetik Zelaieta Zentroko harreran jaso ahal izango da, eta ez da liburutegira joan beharrik egongo.

Itzulketari dagokionez, material guztia eraikinaren sarreran egongo diren bi orgatan utzi beharko da. Gainera, liburutegiak 15 egunez koarentenan utziko ditu itzulitako artikulu guztiak, berriro ere herritarrek mailegatu ahal izateko.

Konfinamenduko aste hauetan, Amorebieta-Etxanoko udal liburutegia erreferentziazko zentro birtuala bihurtu da, zerbitzu eta jarduera guztiak online eskainiz. Gaurtik aurrera, normaltasunera itzultzen hasiko da apurka-apurka, zornotzarrentzako osasun eta segurtasun berme guztiekin.