ERMUA. Ermuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak 70 urtetik gorako adinekoei dei egin die euren egoera jakiteko asmoz. Deiak bi txandatan antolatu dira. Lehenengoa, 70 eta 79 urte bitarteko pertsonei; eta bigarrena, aldiz, 80 urtetik gorako herritarrei. 700 dei inguru egin dituzte guztira.

Apirilaren 30etik maiatzaren 8ra bitartean, detekzio- eta laguntza-programaren bigarren faseari ekin zaio, eta, guztira, 411 dei egin zaizkie hirugarren adinekoei. Horietatik 127 dei 80 urtetik gorako pertsonei egindako jarraipen-deiak izan dira. Kolektibo hori, konfinamendua egin zenean, ez zen gizarte-zerbitzuen erabiltzaile, baina deitu eta harremanetan jarri gara, arrisku- eta kalteberatasun-taldea zelako. Bigarren kontaktu horri esker egiaztatu ahal izan da lehen arreta urgenteak aurreikusitako helburua bete duela, biztanleria-segmentu horrek egindako eskaerei erantzun egokia eta azkarra ematea ahalbidetu baitu hartu-emanak.

70-79 urte bitarteko pertsonen taldean guztira 289 dei egin dira, haien osasun-egoera eta izan zezaketen beharrak zuzenean ezagutzeko. Kontaktu horri esker, bi arrisku-egoera hauteman eta Gizarte Zerbitzuetara bideratu dira, esku har dezaten pertsonoi laguntzeko.

Kontaktu eta detektatzeko kanpaina honen balorazioa oso positiboa da; izan ere, egiaztatu ahal izan da, oro har, adin-tarte horretako pertsonak autonomoak direla eta osasun ona dutela. Era berean, esan daiteke autonomia txikiagoa duten pertsonek beren egunerokotasunari aurre egiteko behar duten laguntza-sarea badutela.

Azkenik, azpimarratu behar da harremanetan jarri diren pertsona guztiek eskertu egin dute man Udalaren ekimena, bizi dugun egoera zail honetan egindako deia eta emandako arreta estimatuz.