AMOREBIETA-ETXANO. Bihar, apirilak 26, igandea, Amorebieta-Etxanoko Ixergo baserritarren azokako sei postuk bere ateak irekiko dituzte berriro. Bertan, inguruko abeltzain eta nekazariek euren produktuak saltzeko aukera izango dute.

Ordutegia ohikoa izango da, 08:00-11:30, eta saltzaileen zein erosketak egitera doazen zornotzarren segurtasuna bermatzeko neurri zorrotzak bete beharko dira.

Horregatik, postuen artean gutxieneko tarte bat egon beharko da, sei metrokoa kontsumitzaileak igarotzen diren lekuan, eta lau metrokoa aldamenetan. Pertsona guztiek, bai erabiltzaileek eta baita saltzaileek ere, bi metroko tartea izan beharko dute beraien artean, eta erabili eta botatzeko eskularruak eta desinfektatzeko gela erabili beharko dituzte (bertan egongo dira).

Postu bakoitzean, saltzaileen arteko gutxieneko distantzia bi metrokoa izango da. Pertsona bakarra egon beharko da barruan, postuaren ezaugarriengatik neurri hau bete ezin bada.

Agintariek segurtasun neurri hauek betearaziko dituzte, eta azokara sartzea ere kontrolatuko dute, jende pilaketarik egon ez dadin.

JAI ALAI, HAIZETARA ETA ELEIZETAN ATZERATU DIRA

Amorebieta-Etxanoko Udalak herriarentzat bereziki esanguratsuak diren hiru ekitaldi atzeratzea erabaki du: Zornotzan Jan Alai pintxo lehiaketa, Haizetara kaleko banden nazioarteko jaialdia eta Elizetan ganbera musikako programa.

Hirurak maiatza eta ekaina artean egitekoak ziren baina Batzordeetan, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, aho batez, atzeratzea erabaki dute. Horrela, zornotzarrekiko erantzukizunez jardunez, lehentasun osoa emango zaio egungo osasun eta ekonomia larrialdiari.

Udalak ez du baztertzen ekitaldiak aurrerago egitea, betiere guztientzako osasun eta segurtasun berme guztiekin egiterik izanez gero. Halaber, Udalak ahal duen guztia egingo du neurriak eragiten dien profesionalek izango dituzten galerak konpentsatzeko.