- Etxeko txikien eta familien konfinamendua arinagoa izan dadin, Zorno-tzako Udalak hainbat ekimen eta jarduera proposatuko ditu ludotekako webgunearen bidez.

Udaleko Kultural sailak antolatuta, astero umeek jolas berriak, eskulanak eta denbora-pasak eskuragai izango dituzte www.ametxgazteria.net/zerbitzuak/ludoteka helbidean sartuta. Besteak beste, ipuinkontalari batzuek kontatuko dizkieten istorioak etxetik entzun ahal izango dituzte eta jolasaren bidez, beste hainbat bitxikeria ikasteko aukera egongo da, etxean burutzeko ginkanak edo zapatak lotzen ikasteko ekintzak izango dira.

Bestalde, denbora-pasa eta buruari bueltak emateko proposamenak ere egongo dira eta adibidez herriko hainbat leku ezagutu eta inguruko herrietara hurbiltzeko aukera birtuala egongo da. Txikiek beraien adinerako egokiak diren hainbat bertsio dituzte, bokalak eta zenbakiak ikastea helburu dutenak.

Berrogeialdiko beste ekimen bat zornotzar gazteek herriarekin zerikusia duten eskulan lehiaketa da. Proposamen berria, Urgozo iturriaren erreplika bat egitea izango da. Egindako eskulanari argazki bat atera eta gazteinfo@amorebieta.eus. helbidera bidali beharko da parte hartzeko. Jasotako proposamen guztien artean, Zornotza Aretoko ikuskizunetarako sarrerak zozketatuko dira.