Zaldibar - Egurra lantzea betidanik gustatu izan zaio Karlos Pradera mallabitarrari. Denbora pasa moduan hainbat soinu, kaxa edo altzari egin ditu eta, azkenengo 30 urteotan, Zaldibarren bizitzeak beste hainbat jakinmin sortu dizkio, agian, herriko antzinako dorretxearen aztarnak jarraitzea eta bere esanetan "Zaldibartarrek beti erorita ezagutu izan duten dorretxea behin osorik ikusteko aukera izatea".

50x50ko neurrian eginda, Durangaldeko leinurik garrantzitsuenetariko bat izan zen Zaldibarko dorretxea eta horregaitik XV. mendeko eraikinaren erreplika egitea ez zen guztiz lan erraza izango. Lan korapilatsuagoak egin dituela aitortzen duen arren "kasu honetan gauza txiki guztiak kontuan hartzea beharrezkoa izan zen".

65 urteko artisau autodidakta honek hainbat enplegu izan ditu bere bizitzan zehar. Gaztetan grabadore lanetan aritua Eibarko eskopeta lantegi baten, muntatzaile, argazki laboratorioan, ahate fabrikan edo Alemanian kamiolairi moduan egin zuen lan. Azken urteotan, aldiz, betidanik gustatu izan zaion egur taila lanetan aritu izan da. Geldi egoten ez dakiela aitortzen du eta dagoeneko "etxeko hainbat altzairu, kaxak, hamar trikitixa edo Alejandro Aldekoa Berrizko txistulariaren tanborila ere egurrez tailatuta" dituela azaltzen du.

Besteak beste, dorretxearen maketa egiteko erronka 2019ko otsailean hasi zuen. Horretarako antzinako liburu, argazki eta hainbat dokumentuetan murgiltzea tokatu zitzaion. Iraganeko eraikin nobleetariko baten aurrean zegoen eta hainbat mende pasa ondoren xehetasun guztiak kontuan hartzea funtzeskoak izango ziren lan hau burutzeko. Buruari buelta pila bat eman zizkiola ziurtatzen du "parte eta pieza txiki bakoitzak bere lekuan kokatzeko".

Lehenengo pausoak dena ondo neurtzea zekarren eta Praderak ondo azaltzen du nola egin zuen: "Bertora gerturatu eta solairuko neurriak hartu nituen. Honez gain, garaiko argazkiak aurkitu eta batzea tokatu zitzaidan, hondatuta edo mantendu ez diren parteak nolakoak ziren jakiteko". Neurri eta ikerketa lanak bukatu zituenean maketarekin hasteko momentua izango zen. Horrela, egur listoi eta taula ezberdinekin lantzen hasi zen eta hartutako neurrien arabera listoiak moztu, forma eman, lixatu, pegatu, margotu, barnizatu eta apurka-apurka dorretxea eraikitzen joan zen.

Praderak, oraindik ere, gogoan ditu teilatuan dauden 3.800 banbu-kanabera zatitxoak. "Teilatuaz soilik bi hilabete pasatu nituen. Zaila izan zen bata bestearekin lotzea", adierazten du. Teilatuaz aparte, leihoak ere hasiera baten zeuden moduan egin ditu, solairu bakoitzean zeuden guztiak daude, altura eta neurriak kontuan izanda. Sei hilabete pasa beharko zituen lan honetan, baina azkenean dorretxearen maketa zutunik eta osorik zeukan.

Udaletxean Ikusgai Handik gutxira, Zaldibarko neguko azokan egiten den erakusketan jarri zuen dorretxeko maketa ikusgai. "Alkateak ikusi zuen eta galdetu zidan hilabete batzutan udaletxean ipintzea posible izango bazen". Praderak baiezkoa eman zion eta pasaden gabonetatik udaletxeko lehenengo solairuan ikusgai dago Zaldibarko Gizon Gaiztoaren Etxea izenaz ezagutu zen dorretxea.

Errealitatean, aldiz, Olazar, futbol zelai zaharretik gertu dagoen belardian, dorretxearen hondarrak oraindik ere ikusi ahal dira. Adibidez, oin plantaren oinarrizko harriak eta lehen solairuko zati batzuk. Izan ere, duela urte batzuk herritaren auzolanagaz eta Udalaren lanari esker, garai hartatik kontserbatu izan diren egituraren parteak garbi mantentzen dira gaur egun ere. Era berean, Praderak argi dauka: "Barrutik nolakoa zen jakin ahalko banu, beste maketatxo bat egingo nioke alboan. Sukalde, logelak edo korta eleganteak izango zituen seguru".

Iraganera bidaiatzeko aukera bikain bat izango dugu. Txikitasunetik garaiko handitasunera bueltatuko gaituena.