AMOREBIETA-ETXANO. Martxoaren 25ean eta 26an, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak Udalak antolatutako Formazio eta Enplegu Azokaren hirugarren edizioa hartuko du. Bertan Arratiako, Busturialdeko eta Durangaldeko formazio eta enpleguaren egoitza bihurtuko da herria. Antolakuntzan Zornotzako Lanbide Heziketako Zentro Integratuak hartu du parte baita ere.

Topaketa bi arlotan banatuko da. Batetik, Formazio Azoka, zeinen helburua dagoen formazioaren berri ematea den eta, bestetik, Enplegu Azoka, lan bila dabiltzanen eta enpresen topagunea izango dena.

FORMAZIO AZOKA

Formazio Azokak prestakuntza ikastaroen berri emango du, lan merkatuak eskatzen dituen beharrizan eta profilak bereziki kontuan hartuta, baina lan bizitza guztian zehar etengabeko formazioaren garrantzia azpimarratuz. Horrela, topaketa DBH4ko ikasleei eta Batxilergokoei zuzenduta dago, prestakuntza arloan hartu beharreko erabakietan aholkularitza emateko, baina langabezian egon eta beraien prestakuntza hobetzea behar dutenei ere zuzenduta dago.

Edizio berri honetan, Azokak erakusketa gune zabalagoa izango du, jende gehiagorentzat eta erakusketari gehiagorentzat lekua egoteko.

Iazkoarekin alderatuta, programatutako bisita kopurua bikoiztea aurreikusten da, eta 1.000 ikasleko kopurura heltzea (Durangaldea, Arratia eta Busturialdekoak), iaz bertaratu ziren 450 ikasle haietatik aldenduz. Gainera aurten antolatu diren unibertsitate tailerretan ere parte hartzeko aukera izango dute bertaratuek.

Erakusketariei dagokienez, bertan egongo dira ondokoak: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, UNED, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola eta Euskal Lutheria Eskola, 14 Lanbide Heziketa Ikastetxe eta Durangaldeko hainbat hizkuntza zentro.

Formazio Azoka goizez izango da, martxoaren 25 eta 26an, asteazkenean eta ostegunean, 09:00etatik 14:00etara.

ENPLEGU AZOKA

Enplegu Azokak 12 stand izango ditu. Parte hartuko duten enpresek beraien lan eskaintzak aurkeztuko dituzte, eta aholkularitza emango diete lan bila hurbiltzen direnei. Enpresekin zuzenean harremana izateko aukera egongo da, hitzordu honetan standa duten industria eta zerbitzuen enpresen beharrizanak zeintzuk diren jakiteko.

Enplegu Azoka ostegunean izango da, martxoaren 26an, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

EKINTZAILEEN I TOPAKETA

III. Formazio eta Enplegu Azokaren aurretik, Amorebieta-Arratiako Etengabeko Ekintzailetza Zerbitzuak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak Ekintzaileen I. Topaketa antolatu du martxoaren 23rako. Zornotzako ekintzaileentzat eta inguruko herrikoentzat topagune eta gogoetara gune izan nahi du.

Nahi dutenek, Zelaieta Zentroa joan eta programatutako hainbat ekintzetan parte har dezakete. Hauen artean bereziki aipagarria inguruko ekintzailetza proiektuen erakusketa. Hitzorduan emozioen kudeaketa landu beharra ere aztertuko da, mindfulness eta biodantza ikastaro banarekin.