ERMUA. Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Ermuko Udalak ekintza ugari prestatu ditu adin guztietako emakumeentzat.

Ermua eta Terrassa buru dituen Innpulso Sareak ezarritako konpromisoari jarraituz, ekintza honen helburuetako bat Sareko hiri guztiak eta herritarrak, oro har, sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da. Horrela, jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol tipiko maskulinoak apurtzen lagundu nahi da, bai eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzen ere.

Iazko deialdiaren arrakastaren ostean, aurten ere otsailaren 11n, asteartea, Lehen Hezkuntzako gaztetxoentzat zientzia eta teknologia ardatz duten jarduerak burutuko dira. Ikertzaile profesionalen gidaritzapean, energia esperimentuak - propietate termodinamikoak, suzirien magia, dentsitatearen misterioa - edota teknologia tailerrak egingo dira, hala nola, etxea garbitzeko mikrobotekin eta alarma isil eta zaratatsuekin.

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta 17:30etik 19:30era egingo dira Merkatu plazan.

Bestalde, Ermuko lau dendak #ErakusleihoakO11 ekimenean parte hartuko dute, Bilboko eta Soraluzeko hainbat establezimendurekin batera. Horrela, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren barnean, euren erakusleihoak apainduko dituzte dendek otsailaren 7tik 22ra bitartean. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari historiko bati eskainiko dio erakusleihoa, haren argazkia, biografia eta asmakuntzaren inguruko informazioaz gain, emakume zientzialari horren ikerketa-gaiaren inguruan girotuz euren denda. Hala, zientzia-emakume historiko horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta emakumeek zientzian izan duten parte-hartzea agerian jartzen lagunduko dute.

Gure herrian #ErakusleihoakO11 ekimenean parte hartuko duten dendak Sukei, Maribel Liburu Denda, Buenas Migas eta Zapatxiki izango dira.

Otsailaren 13a, osteguna, Bizilabe zientzia eta teknologia proiektuan esperimentuak egiten aritzen diren gaztetxoek komertzio horiek bisitatuko dituzte, eta denda bakoitzak hautatutako emakume zientzialariaren ikerketa-gaiarekin zerikusia duten esperimentuak egingo dituzte. Gainera, emakume horiek egindako asmakuntzaren berri emango diote dendara bertaratzen diren bezeroei.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotutako ekimenen berri izateko, ikus itzazu Ermuko Udalaren eta Bizilabe proiektuaren webguneak, idatzi mezua pe@udalermua.net edo bizilabe.ermua@gmail.com helbideetara edo deitu 943 17 90 10 (Ermuko Udaleko Toki Garapen alorra) edo 688 68 33 20 (Bizilabe) telefono zenbakietara.