BILBO. Abeslari madrildarra Espainiako eta Munduko txapeldun izan da La Batalla de los Gallos lehiaketaren 2006ko edizioan, eta harrezkero, bakarkako ibilbidea eraiki du. Bost disko ditu jada kalean, hainbat kontzertu eskaini ditu mundu osoan zehar, Leiva, Rozalen, Sidecars, Ivan Ferreiro eta Pablo Lopez bezalako artistekin elkarlanean aritu da eta MTV European Music Awards sarietarako izendatua izan da. Sinonimo da bere azken lanaren izena, 2019an kaleratua, eta salmenta zerrendetako lehenengo posturaino iritsi da.

Musikaria izateaz gain, idazlea ere bada Rayden, eta bestseller izan diren hiru liburu ditu kalean: Herido Diario, TErminAMOs y otros poemas sin terminar eta El mundo es un gato jugando con Australia. Azpimarratzekoa da, era berean, duen izaera solidarioa eta egindako gizarte lanak, bai Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, baita Googleren enbaxadore gisa ere, gorrotoaren diskurtsoa ezabatzeko lanetan.

Sarrerak salgai daude 12 eurotan Lobiano Kultur Gunean, BBKren kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.

RAYDEN

Rayden David Martínez Álvarezen (1985) goitizena da. Madrildarra, artista polifazetikoa, 2001ean hasi zen rap musikan, berak eta Chakalek (lehen Lumier izenez ezaguna) osatu zuten Assamitas taldearekin.

2006an La Batalla de Gallos delakoan parte hartuko du Espainiako txapeldun aldarrikatuz, eta Kolonbiako nazioarteko finaleraino iritsiko da mundu-mailako txapeldun titulua lortuko duelarik.

Hortik aurrera bakarkako bere karrerari ekingo dio: bost disko argitaratu, kontzertu ugari mundu osoan zehar, lankidetzak nazioarte mailako musikariekin, eta MTV EMA (MTV European Music Awards) direlakoetan Alejandro Sanz, Leiva, Sweet California edo Neuman bezalako artistekin batera “Espainiako Artistarik Onena”ren nominazio garrantzitsuak lortu ditu.