BILBO. Ermuko Udalak teknologia tailerrak abiarazi ditu Degebesa Garapen Agentziak eta Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin, bertan parte hartzen duten umeek enpresa munduan beharrezkoak diren gaitasunak eta abilidadeak eskura dezaten. Tailerretan 2005 eta 2009 urteen bitartean jaiotakoak parte hartu ahal izango dute bakarrik.

Tailerretan STEAM gaitasunak landuko dira -zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak-, eta aldi berean sormena eta berrikuntza sustatuko dira esperimentu dibertigarrien bitartez.

Izarra Centren izango dira ikastaroak, eta lehenengoa datorren astelehenean hasiko da, irailak 2, Mugarik gabe! Guztiontzako etxeen diseinua izenpean. Gaztetxoek hainbat erronka gainditu beharko dituzte, behar bereziak dituzten pertsonentzat egiten diren etxe funtzionalak ardatz gisa hartuta. Irudimena, eskulana, hausnarketa, talde-lana eta dibertsioa izango dira gako nagusiak, STEAM gaitasunekin uztartuta. Gehienez ere 15 pertsonak parte hartuko dute tailer horretan irailaren 2tik 6ra, eta euren lanak Elgoibarren egingo den Debabarrenako Gazterobotika topaketan aurkezteko aukera izango dute. Norbaitek robotika hezitzaile lehiaketa horretan bere kabuz parte hartu nahi badu, lotura honetan eman dezake izena.

Ermuko Udalak antolatutako bigarren jarduera eskolaz kanpoko teknologia programa da, ikasturte osorako, urrian hasita. Ikastaro zabal horretan, gaztetxoek nahi duten proiektu teknologikoa sortzeko aukera izango dute, arloko adituen eta profesionalen laguntzarekin. Urriaren 3an hasiko da ikasturtea, eta ostegunero honako ordutegia izango dute parte-hartzaileek: 10 eta 12 urte artekoak, 17:00etatik 18:30era eta 13 eta 14 urtekoak: 18:30etik 20:00etara

Talde bakoitza 15 parte-hartzailera mugatuta dago, eta izen-emate epea irailaren 16an amaituko da. Matrikula lotura honetan egin daiteke, eta partaide bakoitzeko hilean 18 euro ordaindu beharko dira.

Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 17 91 51 telefono zenbakira edo idatzi dl@udalermua.net helbide elektronikora.