BILBO. Ermuak 2019ko Santixauak berdintasunean eta eraso matxistarik gabe bizitzeko kanpaina jarri du martxan. Datorren asteartean, uztailak 23, karpa bat kokatuko da Patxi plazan 18:00etatik 21:00etara, informazio puntu gisa. Erasoa ikusi edo jasanez gero, arreta zenbakiak hauek dira: 112 -larrialdietako telefonoa-, 943 17 63 00 -Udaltzaingoa, 24 ordu- eta 900 84 01 11 -tratu txarren biktimen telefonoa-.

Kanpainak sentsibilizazio mezuak barne hartzen ditu. Izan ere, lanak, ordutegiak eta ohiturak aldatzen diren egunak izaten dira herriko jaiak, eta gehienetan emakumeak izaten dira familietan jaietan egoteak ekar ditzakeen lan karga gehigarriak. Emakumeek galtzen dituzte jai giroaz gozatzeko aukerak. Hori horrela, erantzukizun partekatuak eta etxeko lanen banaketak erraztu eta ahalbidetu egingo du jaiak benetan guztiontzat izatea.

Bestetik, indarkeria eta jarrera matxistak areagotu egin ohi dira jaietan, eta emakumeen bizitzaren eta askatasunaren aurkako eraso oso larria eta onartezina da. Emakumeen aurka doan gizonezkoen arazoa da, eta kanpaina honek prebentzioa eta aurre egitea ditu ardatz. Horretarako, herritar guztiei dei egiten die gai horretan inplikatu daitezen.

Kanpainaren beste aurpegia gerta daitezkeen eraso eta indarkeria egoeren aurrean eskaintzen den arreta da. Erreferentzia gisa, biktima diren emakumeen arreta hobetzeko udal protokoloak azaltzen duen prozedura erabiltzen da, Udaltzaingoarekin lankidetzan.

Informazio puntua

Asteartean, uztailak 23, karpa edo stand bat kokatuko da Patxi plazan 18:00etatik 21:00etara. Informazio puntu gisa erabiliko da instalazioa, eta indarkeria sexisten aurka guztiok batera aritu behar garela ikusaraziko du. Sentsibilizazio lana ere egingo du, batez ere gizonen artean, edozein motatako indarkeria sexistei uko egitearen garrantzia gogoraraziz.

Mota honetako ekintzetan esperientzia duten bi dinamizatzaile arituko dira erasoen aurrean nola jokatu behar den eta zein baliabide erabili daitezkeen azaltzen, batez ere festa giroan gertatzen direnean. Indarkeria matxista zer den eta nola aurre egin behar zaion azalduko dute, nola erantzun topiko matxistei, nola aurre egin eraso sexualei, zer egin kasu horietan, zein baliabide erabili?

Neskentzako ahalduntze espazioa eratuko da modu horretara, norbanako nahiz taldeko errekurtso hobeak izan ditzaten arazoei aurre egiteko. Aldi berean, mutilen erantzukizuna azpimarratuko da, eta baiezko argirik ez dagoenean ezetza dela, eta EZ beti dela EZ barneratuko dute.

Dinamizatzaileen lana indartzeko, aholkuak jasotzen dituzten txartelak -lerro hauen ostean ikusi daitezkeenak- eta txapak banatuko dira, NO es NO ? EZ beti da EZ leloarekin.

Ekimena Presidentzia, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun Ministerioak emandako diru-laguntzekin finantzatzen da, Berdintasunerako Estatu Idazkaritzaren bitartez. Horren helburua Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmenak jasotzen dituen neurriak garatzea da.

Gainera, Orbe Kardinala plazako kioskoan eta udaletxean lonak jarriko dira tratu onen eta berdintasunezko jaien aldeko mezuekin, eraso sexisten aurka. Jaietako egitarauan ere txertatu dira mezuak.