BILBO. Bizilabek umeen eta gazteen sormena eta berrikuntza bultzatu nahi du. Programa 2005 eta 2009 urteen artean jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago. Bizilaberen helburua enpresa munduari lotutako jarrerak garatzea da.

Proiektu honen barne, bi tailer garatuko dira Izarra Centre eraikinean: bata irailaren 2tik 6ra, eta bestea urritik aurrera. Ikastaro horietan STEAM gaitasunak landuko dira -zientzia, teknologia, artea, ingeniaritza eta matematikak-, eta aldi berean sormena eta berrikuntza sustatuko dira esperimentu dibertigarrien bitartez.

Lehenengo tailerrak Mugarik gabe! Guztiontzako etxeen diseinua du izena. Behar bereziak dituzten pertsonentzat egiten diren etxe funtzionalak ardatz gisa hartuta, gaztetxoek hainbat erronka gainditu beharko dituzte. Horretarako, STEAM gaitasunetan trebatuko dira modu dibertigarrian, eta irudimena, eskulana, hausnarketa, talde-lana eta dibertsioa izango dira gako nagusiak.

Ikastaroa irailaren 2tik 6ra bitartean garatuko da, 09:30etik 13:30era, Izarra Centren. Gehienez ere 15 pertsonak parte hartu ahalko dute, eta uztailaren 25a baino lehen bete behar da izen-ematea lotura honetan. Pertsona bakoitzeko 30 euroko matrikula ordaindu beharko da. Gainera, tailer honetan egindako lanak irailaren 28an aurkeztuko dira Debabarrenako topaketan.

Bestalde, Ermuko Udalak eskolaz kanpoko teknologia programa antolatu du ikasturte osorako, urrian hasita. Ikastaro zabal horretan, gaztetxoek nahi duten proiektu teknologikoa sortzeko aukera izango dute, arloko adituen eta profesionalen laguntzarekin.

Urriaren 3an hasiko da ikasturtea Izarra Centren, eta ostegunero honako ordutegia izango dute parte-hartzaileek:

10 eta 12 urte artekoak: 17:00etatik 18:30era

13 eta 14 urtekoak: 18:30etik 20:00etara

Talde bakoitza 15 parte-hartzailera mugatuta dago, eta izen-emate epea irailaren 16an amaituko da.

Matrikula lotura honetan egin daiteke, eta partaide bakoitzeko hilean 18 euro ordaindu beharko dira.

Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 17 91 51 telefono zenbakira edo idatzi dl@udalermua.net helbide elektronikora.