BILBO. Toloto berbideratzeko obrak udazkenean hasiko dira. Lanen aurrekontua 1.693.231,75 eurokoa izango da eta bukatzeko epea 9 hilabetekoa.

URAk, Euskal Ur Agentziak, lizitaziora atera berri ditu astelehen honetan Elorrion kokatuta dagoen Toloto erreka berbideratzeko lanak, eta, modu horretan, obraren hasiera data zehaztu du. Izan ere, udazkenean hasiko diren lan horiekin, herrian dagoen uholdeetarako arrisku eremu handiena modu oso esanguratsu batean murriztuko da.

Udalak eta URAk duela urte eta erdi lortutako hitzarmenari esker, URAk 1.693.231,75 eurotan atera berri du bederatzi hilabetez iraungo duten obren lizitazioa.

“Oso pozik gaude lizitazioa publikatu izanarekin. Hainbat korporazio saiatu dira URArekin hitzarmen bat lotzen eta gobernu talde honek hitzarmena sinatzeaz gain, obrak hasteko prozesua martxan egotea bermatu du. Izan ere, hilabete batzuen bueltan berbideraketa hau errealitate bat izango da. Lan hauek Elorrio ikaragarri hobetu dute, besteak beste gaur egun uholde arrisku handien duen gunea hobetuko duelako”.

Ugarteko biala, desblokeatuta

Toloto erreka lurrazpitik sartzen da gaur egun Esteibarlanda inguruan, eta horrek uholde arriskua nabarmen handitzen du gune horietan. Lan horien ondorioz, Errebonbillo kalean isuriko ditu urak, eta horrek, aldi berean, Ugarteko biala egitea ahalbidetuko du, Berrizerako errepidea hasten den biribilgunetik Montorrara arte joango dena. Modu horretara, Errebonbillo kalea oinezkoentzako egin ahal izango da, autoei alternatiba berri bat eskainiko baitzaie Ugarte bialarekin.

Lanen aurrekontua 1.693.231,75 eurokoa izango da, eta bederatzi hilabetez irautea aurreikusten da.