Bilboko Udalak jakinarazi du bihar, maiatzak 14, Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatuko dela. Zehazki, aurten, Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiriak Programak bidezko merkataritzako produktuen kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du.

Egun hori 2004tik maiatzeko bigarren larunbatero ospatzen da, orduan GKE talde batek indarrak batu baitzituen Hegoaldeko herrialdeetako ekoizleen kalteberatasun- eta babesgabetasun-egoerari aurre egiteko.

Ordutik, Uria, bere antolakunde, saltegi, jatetxe eta erakundeekin batera, bidezko merkataritza sustatzen ibili da, nahiz merkaturatzean, nahiz sentsibilizatzen, herritarrei hurbilaraztearren Hegoalde txirotuko herrialdeen errealitatea.

"Berdintasunaren alde. Bidezko Merkataritza gara" leloarekin, aurtengo kanpainak genero-desberdintasunaren aurka egiteko beharra nabarmentzen du, eta, horrekin batera, azpimarratu zeinen ardura handikoak diren bidezko merkataritzako sareak komunitate horietako emakumeen ahalduntzea sustatzeko.

Bilbo uri bizi bat da, eta ezin konta ahala aukera eskaintzen ditu produktu horiek kontsumitzeko. Hori dela eta, Bilboko Udalak eguneratu egin du 2019an sortu zuen kale-izendegia, Urian bidezko merkataritzako produktuak non saltzen eta kontsumitzen diren adierazten duena. Bitartean, bilbotarrek 48 saltegi txiki dauzkate egunero-egunero bidezko merkataritzako produktuak erosteko, hala nola belar-dendak, eko dendak, eta are litxarreria-dendak ere.

Ostalaritzari dagokionez, gaur den egunean, Bilbok 15 ostatu eta jatetxe dauzka, bidezko merkataritzako produktuak eskaintzen dituztenak, teak, kafeak, izozkiak edo gozoki on-onak, esate baterako.

Aurten, Bidezko merkataritzaren aldeko hiriak Programan (Kidendak, Adeco elkarteak, Vicente Ferrer Fundazioak, Oxfam Intermonek, Proclade Yanapay elkarteak, Oikocredit elkarteak eta Bilboko Udalak eratzen dute programa hori), bidezko merkataritzako produktuen kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat gauzatuko da.

Beste alde batetik, Oikocredit elkarteak ere eskaintzen du aukera bidezko merkataritzako ekoizle txikien kooperatibetan inbertitzeko, Asian, Afrikan eta, batez ere, Latinoamerikan, ingurumena, lan-arloko eskubideak eta emakumeen ahalduntzea sustatuz.