Santander, Bilbo eta Logroño hiriek martxan jarri eta sustatutako 'Bertatik bertara' laguntzen programaren edizio berriaren protagonista izango dira musika, zirkua, zinema eta arte garaikidea.

Epaimahaiak kontuan hartu ditu proiektuen kalitatea, interesa eta zer berrikuntza dakarten. Hiru hirietako profesionalen arteko lan-sareak sortzen ote duten ere baloratu du, baita ekimenek herritarrengan izan dezaketen eragina ere. Sei proiektuotan, dantza eta literatura ere sartzen dira, eta jarduerak proposatzen dira hiru hirietarako; hiru hirietako elkarteek, enpresek eta profesionalek diseinatu dituzte.

Aurten, Santanderko Udalak --Santander Creativa Fundazioaren (FSC) bidez- eta Bilboko eta Logroñoko udalek 90.000 euro izendatu dituzten programarako (30.000 euro bakoitzak), 2021ean baino % 20 gehiago. Era horretan, proiektu bakoitzak 15.000 euroko aurrekontu bat izango du.

Hauek izan dira epaimahaiko kideak: Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria; Justo Ezenarro Mugaguren, Bilboko Udaleko Kultur Programazioko zuzendariordea; Dolores Fernández Martínez, Logroñoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Haurtzaroko zuzendari nagusia; Juan García Calvo, Logroñoko Kultur Jardueren zuzendaria; Marina Diego Alonso, Santander Creativa Fundazioko (FSC) koordinatzailea; eta Almudena Díaz Gutiérrez, FSCko zuzendaria.

* 24 proiektuen artean, puntuaziorik handiena lortu dutenak, eta, beraz, hemendik urte amaierara gauzatuko direnak, hauek dira:

  • "La Reunión en Danza (La RED)" proiektua, Kantabriako "Movimiento en Red" dantza-profesionalen elkarteak, Bilboko La Fundición-ek eta Logroñoko Sempiternal kultur elkarteak aurkeztua.

Proiektu hau dantza garaikidearen ingurukoa da; deialdi ireki baten bidez, hiru sortzaile hasiberri aukeratuko dira, eskualde bakoitzean jaioak edo haietan bizi direnak. Programa hiru hirietako aretoetan aurkeztuko da, eta jardunaldi bakoitza hautatuez besteko konpainia profesional banarekin amaituko da. Hiri bakoitzak bidea egiten ari diren artistak hartuko ditu bi egunetan; egun horietan artistentzako eta publiko orokorrarentzako jarduera osagarriak gauzatuko dira. Tailerrak egingo dira argiztapenaren, kudeaketaren edo sormenaren inguruan, edo feedbacks saioak, adibide zenbaitekin.

  • "Dogma 20-22", kantabriar Trueba & Trueba ikus-entzunezko ekoizlearena, bilbotar Media Attack agentzia eta ekoizlearena eta Diego Pergo Films produktorearena, zeinarekin garatzen baititu errioxar gidoilari eta zuzendari horrek bere proiektuak.

Ikus-entzunezko ekimen bat da, sorkuntza anizkoitzekoa, elkarlan bidezkoa, proposatzen duena elkarrekin sortzea hiru bideo-lan, errealizazioaren bidezko metodologiaren bidez elkarrekin lotuak. Uri bakoitzean, filmaketa talde batek lan bat sortuko du, beste bi hirien arteko batean filmatuz, eta materiala hirugarren hirian muntatuko du beste talde batek. Proiektuaren oinarria da elkarlan bidezko lan bat koordinatzea, elkarrengandik urruti bizi diren pertsonen artean, eta haiei desafioa egitea sor dezaten, beren mugei harago bultzatuz, eta taldeko gainerako parte hartzaileengan konfiantza izatera behartuz.

  • "Tan Circa", Santanderko Café de las Artes Teatro elkartearen, Bilboko Bilbao Zirkozaurre malabarren eta zirkuko artisten elkartearen eta Logrocirco Logroñoko gazte zirkugileen proiektu bat.

Zirku tailerrak, era guztietako pertsonentzat pentsatuak, zirkuko hainbat arlo lantzen dituztenak, hala nola akrobaziak, malabarrak edo oreka-ariketak, proiektua osatzen duten hirietako bakoitzeko tokiko artistek zuzenduak. Horrez gain, zirku-gala handi bat egingo da, hiru hirietako artistekin, hiru lurraldeetako bakoitzean zirkuan dabiltzanen arteko onena batzearren eta erakustearren.

  • "Comunicando con lo bello" (itzul: zer eder horrekin komunikatuz), Santanderko Siboney arte-galeriarena, Bilbao Vanguardia galeriarena eta Logroñoko Clustermusic galeriarena.

Arlo anitzeko proiektu hau Sonia Rueda euskal artistaren obraren eta haren "Palabras bonitas" liburuaren inguruan eratua da. Hiru erakusketak eta sei kontzertuk osatzen dute proiektua, eta guztiek ere zerikusia izango dute Ruedaren hitzetan eta obra plastikoan jasotzen den informazioarekin. Erakusketa ez da egingo ohiko erakusketa-leku batean, eta obra barreiatuta egongo da hautatua izan den lekuan. Plano bat emango da, obra aurkitzeko gida moduan. Ekimen hauen helburua da arte-arlo batzuen eta besteen arteko harremana indartzea, obren komunikazio-ezaugarriak baliatuz horretarako.

  • "Bertatik bertara jaialdia", Niagara kontzertu-aretoarena (Santander), Bilboko Rabba Rabba Hey! kultur elkartearena / Logroñoko La Nave 9 eta Stereo Rock and Roll aretoena.

Proposamen honek plataforma bat dakar, tokiko musika-talentuaren alde egiteko xedea duena, hiru hirien egungo egoera eta eszena zer-nolakoa den ulertuta, lehenik. Elkarlanezko jaialdi baten formatuarekin, asmoa da eszenan agertzen ari diren gazte banda berrien talentua erakustea eta dagoeneko irmotuta dauden beste batzuk dinamizatzea, leku bat eskainiz, eta, hartara, bi panorama horien arteko sinergiak sortzea. Hiru asteburutan (bana hiri bakoitzean), sei musika talde hautatu arituko dira, hiriz hiri, proiektua osatzen duten aretoetan.

  • "Crónicas Sonantes / Kronikak Soinudunak", Kantabriako Contigo 3 Teatro konpainiarena, Servicios Periodísticos de Bilbao komunikazio agentziarena eta Logroñoko Zarándula kultur kudeaketako enpresarena.

Arte-ikerketa eta -sorkuntzako prozesu zeharkako eta arlo anitzeko bat da, XX. mendeko sei egileren bizitza eta obrak aztertuta sortu zena (hiri bakoitzeko, bina egile), haiek ezagutza merezi zutela iritzirik, bai sortuz zuten arteagatik, bai bizitzagatik. Testu esanguratsuak hautatuko dira (asko argitaratu gabeak), haren literatur lanetatik, eta orobat memorietatik, kazetaritzako artikuluetatik, gutunetatik edo kroniketatik, eta dramatizatu egingo dira, eta ozen irakurri, eta musika jarriko zaie, eta, ondoren, hiru podcast-etan grabatuko.