Juan Mari Aburto alkateak inauguratu du gaur goizean Bilbao Basque Fest jaialdiaren Txoko Gourmet karpa Areatzan. Azaldu dutenez, gune horretan hamabi euskal helmuga turistikok euren erakargarri nagusiak eta zero kilometroko produktuak ezagutzera emango dituzte apirilaren 16ra arte, larunbata.

Bilbao Basque FESTek euskal kulturaren tradizioak biltzen ditu programazioan: musika, gastronomia, herri kirolak, zinema eta abarrekin zerikusia duten jarduerak. Apirilaren 17ra arte izango da, igandea.

“Txoko Gourmet” gunean, Euskal Herriko hamabi helmuga turistikotako zero kilometroko produkturik onenak dastatu eta erosteko aukera egongo da, baita bertako erakargarritasun nagusiak ezagutzeko ere stand informatiboen bidez. Apirilaren 16ra arte izango da, larunbata. Zortzigarren edizio honetan, honako eskualde hauek parte hartu dute: Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Durangaldea, Enkarterri, Gorbeialdea, Urdaibai, Uribe Jataondo, Urola Kosta, Goierri, Tolosaldea eta Euskal Kostaldeko Geoparkea.

BEREHALAKO 1.080 DASTATZE

Ostegun, ostiral eta larunbat goizetan eta arratsaldeetan dastatu ahal izango diren berehalako eta doako dastatzeetan aurkeztuko dituzte helmuga turistikoek beren produktuak, hala nola Idiazabalgo gazta, Iparraldeko garagardoa, Durangaldeko sagardoa, Tolosaldeko txokolatea, Uribe eta Urdaibaiko txakolina, Enkarterriko ore amarekin egindako ogia, Arabako Errioxako olioa eta ardoa. Zortzigarren edizioan 1.080 plaza egongo dira dastatzeetan parte hartzeko.

Horrez gain, “Txoko Gourmet” gunean, sukaldaritza tailertxoetan eta haurrentzako ikastaroetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Lehenengoak 45 minutukoak izango dira eta honako hauek prestatzen erakutsiko digute: hegaluze, arrautza eta Gernikako piper broxetak; Arabako patata edo baserriko txerri pintxoak, ogitarteko osasungarriak; gildak... Bigarrenetan, parte hartzen duten haurrek hau ikasiko dute: tomate, porru eta piperren hazitegiak loreontzietan nola birlandatu eta oihalezko poltsak nola pertsonalizatu plantillak eta landare-tindagaiak eta itsasgarriak erabiliz.

Dastatze eta tailerretarako izen ematea karpan bertan egingo da.

Produktu horiek guztiak dastatzeaz gain, “Txoko Gourmete” karpako “Market” atalean produktuak erosteko aukera izango dute bisitariek. Eskaintza komertziala Eskutartie Udaberriko Artisautza Azokako zeramika, larru eta egurrezko “basque” piezekin eta igandeko Loreen Azokako loreekin osatzen da.

Eskaintza gastronomikoa osatzeko, Bilboko 307 ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduk Bilbao basque FEST jaialdiarekin egingo dute bat; besteak beste, jatetxeak, tabernak, gozotegiak eta denda espezializatuak izango dira.

POESIA ZABALGUNEAN ETA AKELARREA GAS PLAZAN

Gaurko egitarauaren beste puntu garrantzitsu bat Zabalguneko eraikinean izango da 19:00etan: "Minimalarte" ekimen artistikoa. Poesia errezitaldi horren protagonista Txani Rodríguez da, 2021eko Euskadi Literatura Saria, Dana musikari kubatarraren piano-notak eta musika lagun dituela. Azken horrek euskarazko eta gaztelaniazko abestiak interpretatuko ditu.

Bi ordu geroago, 21:00etan, Gas plazan Deabru Beltzak kale-antzerkiko konpainiaren "Les Tambours de Feu" ikuskizuna izango da, 2021ean Arte Eszenikoen MAX saria jaso zuena. Ikuskizun zirraragarria da. Akelarreko deabrua eta perkusio joleak plazan zehar ibiliko dira, danborren soinu, piroteknia eta efektu berezi harrigarriz inguratuta.