Olentzero eta Mari Domingi ostiralean iritsiko dira Bilbora eta Arriaga Antzokiko ikuskizuna streaming bidez ere emango da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Helburua da "haur bilbotar bakar bat ere ez geratzea ikusi gabe". Horregatik, antzerki musikalaren 'Gabonetan dena da magikoa' Gabonetako ikuskizuna Udalaren webgunean eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da.

Bai emanaldietarako sarrerarik lortu ez dutenek, bai gailu mugikorren bitartez ikustea hobesten dutenek izango dute ikusteko aukera, streamingean ikusgai egongo baita 11:15ean bilbao.eus webgunean eta @BilbaoUdala-ren Facebook orrian, eta horrez gain, hamaika irudi eta bideoak igoko dituzte udalaren sare sozialetara.

Era berean, komunikabideek Udalarekin elkarlanean aritu nahi izan dute eta ikuskizun hau zabaltzeko bere kanaletan ere emango dute: Deia, ETB, Radio Bilbao-Cadena Ser eta Telebilbao.

Udalak dena prest du dagoeneko horiek beste aukera bat izan daitezen, eta, horri esker, guztiok ikusi ahal izango dugu Olentzerok, ikazkin euskaldun ospetsuenak, Mari Domingik, Lamiak edo Galtzagorriek Arriaga antzokira egingo duten bisita.

Ikuskizuna antzerki musikaleko emanaldi labur bat izango da, 35 minutu ingurukoa. Olentzeroren eta Mari Domingiren munduaren ohiko osagaiei eutsiko die ikuskizunak, baina berri batzuk ere izango ditu, halaber, ekitaldiaren ezaugarri izango diren umorea, magia eta antzerkia nabarmendu nahian. Ustekabea, musika eta magia dira proposamenaren funtsezko osagaiak; familiako guztiek kantatuko dute emanaldian zehar, hala betiko abestiak nola bertsio berriak, eta koreografia dibertigarriez gozatuko dute.