Ostiral honetan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak Kulturarteko Hiriaren III. Bilbo Plana (2021-2023) aurkeztu dute Udaletxeko Arabiar Aretoan. Ekitaldian Immigrazioko Tokiko Kontseiluko eta talde politiko ezberdinetako ordezkariak izan dira. «Tresna honen bidez, Udalaren datozen urteetarako ibilbide-orria finkatzen ari gara, jatorri-, kultura-, hizkuntza- eta erlijio-aniztasuna modu sistematikoan eta malguan kudeatzeko eta, hala, beharrezko aldaketetara egokitzeko», adierazi du Juan Mari Aburtok.

Gainera, Etorkizuna Musikatanen emanaldia ere izan da, Bilboko Norai elkarteak garatzen duen inklusio eta kulturartekotasun proiektua.

Aurkezpenean zehar, alkateak nabarmendu du Planak gobernantza-sistema berria eratzen duela, zeinari esker, nobedade eta indargune gisa, III. edizio hau garatzeko zeharkakotasuna eta parte-hartzea hobetu egingo diren. Horrez gain, zera adierazi du: «tresna honen bidez, Udalaren datozen urteetarako ibilbide-orria finkatzen ari gara, jatorri-, kultura-, hizkuntza- eta erlijio-aniztasuna modu sistematikoan eta malguan kudeatzeko eta, hala, beharrezko aldaketetara egokitzeko». Eta zera gaineratu du Juan Mari Aburtok, Planari buruz: «desberdintasunak aitortu eta errespetatzen dituen uri anitza sustatzearen aldeko konpromisoa gorpuzten du; uri bat, non biztanleen bizi-kalitatea eta ongizatea lehenesten diren».

Izan ere, Bizkaiko hiriburua gero eta uri anitzagoa da. 347.000 pertsona inguruk osatzen dute Bilboko biztanleria. Horietatik, % 10,0k (34.878 pertsona) atzerriko nazionalitatea du, eta Estatuan nazionalizatutako pertsonak kontuan hartuz gero, atzerriko jatorria duten pertsonak udalerriko herritarren % 14,6 dira (50.791 pertsona).

Horren jakitun izanik, Bilboko Udalak hainbat plan garatu ditu, jatorri-, kultura-, hizkuntza- eta erlijio-aniztasun hori kudeatzeko. 2011n, Aniztasuna Kudeatzeko Bi-Open I. Udal Plana onartu zuten; eta, 2017an, Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Plana.

II. PLANAREN EBALUAZIOA

Hain zuzen ere, II. Plana amaitu ondoren, emaitzen ebaluazioa egin dute, parte-hartze bidezko prozesu baten bitartez. Prozesu horretan, hainbat elkarte eta auzo-eragile izan dira, Bilboko Udalaren Immigrazioko Kontseiluan garrantzi berezia dutenak.

Ondorio nagusien artean, bigarren Planaren balorazio positiboa egin dute, bai diseinuari dagokionez, bai gauzatzeari dagokionez (aurreikusitako ekintzen % 76 garatu da). Era berean, Planaren malgutasuna nabarmendu dute, eta jarduerak COVID-19aren pandemiaren ondorioz bizi izandako inguruabarretara egokitzeko gaitasuna ere bai.

Hobetu beharreko alderdi gisa aipatu dute zeharkakotasunaren bitartez izandako gizartearen eta herritarren parte-hartzea, eta politiken koherentzia eta koordinazioa. Izan ere, Itziar Urtasunek azaldu duenez, «ondorio eta ekarpen guztiak kontuan hartu dira eta "Bilbo, Kulturarteko Uria" III. Planean txertatu dira».