Bilboko Udalak birgaitzeko laguntzak handitu egin ditu 2022ari begira. Guztira Hiri Berroneratzearen Sailak 1.520.000 euro bideratuko ditu uriaren ondarearen kontserbazioa sustatzeko.

"Zenbateko horri 200.000ko beste partida bat gehitu behar zaio, Surbisak lehen aldiz kudeatuko baitu uri osoan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak laguntzera bideratuko den laguntza arrunt bat", azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkariak.

Birgaitzeari laguntzeko, Nora Abete zinegotzaren bulegoak laguntza ekonomikoen araudi bat dauka; laguntza horiek Surbisa berregokipenerako sozietate publikoaren bidez kudeatzen dira eta hainbat irizpideren arabera ematen dira.

Aurrekontuaz gain, Surbisak bizitegi-eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko eta hobetzeko laguntzen oinarri arautzaileen aldaketa ere onartu du 2022-2023 aldirako. SURBISAk birgaikuntzarako ematen dituen laguntzak Eusko Jaurlaritzak emandakoen osagarri direnez, berregokipenerako sozietateak bere irizpideak gobernu autonomoak irailean emandako araudi berrian jasotakoetara egokitu ditu, sinergiak aprobetxatzeko eta dirulaguntzen banaketa orekatzeko helburuarekin.

Osagarritasun hori kontuan hartuta, eta gobernu autonomoak jabeen erkidegoen babesa nabarmen handitu duela ikusita, Surbisa beste laguntza-ildo batzuetan jarri ahal izan du arreta, hala nola familia kalteberen babesean, bere eraikinetako obrek inbertsio-zenbateko handierata heltzen direnean, bai eta beste kasu batzuetan ere, esaterako beste elementu berezi batzuetan (egurrezko begiratokiak zaharberritzean edo amiantoa kentzean). Hobekuntza horiekin, Surbisak batez beste % 10 igo ditu laguntzak jarduera bakoitzeko datozen urte bietan.

"Oso kontuan hartzen dugu alderdi gizatiarrena, eta komunitateei laguntza eskaintzen diegu, eta gizarte-kohesioa sustatzen dugu gehien behar gaituzten auzoetan"; izan ere, "horrela ulertzen dugu hiri-berroneratzea, alderdi materialari ekitea, baina baita alderdi sozialari eta ingurumenari ere eta, hala, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea", azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak. "Eusko Jaurlaritzak familiei ahalegin handia eskatzen dieten esku-hartzeak finantzatzen laguntzen du, eta ziurrenik, erakundeek eman diezaiekegun bultzadarik gabe, oso zailak izango lirateke gauzatzen".

Hauek dira laguntza-lerroak:

0 Lerroa: obra babestuarentzako dirulaguntza zuzena. Egoitza erabilera duen eraikin baten elementu komunak edo eraikinaren elementu inguratzaileak birgaitzeko itzuli beharrik gabeko diru-laguntza emango zaio jabeari zuzenean. Hain zuzen ere, birgaitzeko lanak sustatzen dituzten pertsonei laguntza emateko eta obrak egiteko erabakiak hartzeko hasieran izaten diren zailtasunak —teknikarien ordainsariak ordaintzeak eta lizentziek eragiten dituztenak—gainditzen laguntzeko helburuarekin. Berritasun gisa, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko aurrekontua ez lortzeagatik diruz laguntzen ez dituen baina jabeen erkidegoek, normalean, segurtasun-arrazoiengatik egin behar dituzten obretarako laguntzak jasotzen dira.

1. Lerroa: egoera babesgabean dauden familiak laguntzea: urtean 21.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dauzkaten familientzat.

  • Elementu komunen kasuan, babes-lerro honetan sartuko dira jabeak egin beharreko ahalegin ekonomiko berezia eskatzen duten obrak, hau da, elementuagatik babes daitekeen aurrekontua hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izatea edo etxebizitzaren m2 bakoitzeko berrehun eta berrogeita hamar (250,00) eurotik gorako eragina izatea.
  • Elementu pribatiboetarako: etxebizitzaren gutxieneko bizigarritasun-obra, instalazioen egiturazko segurtasuna eta funtzionaltasuna, betiere babespeko aurrekontua mila (1.000) eurotik gorakoa bada eta hiru mila (3.000) eurotik gorakoa ez bada. Eusko Jaurlaritzak babesten ez duen kasua da, obraren gutxienekora iristen ez delako, eta Surbisak jasotzen du oso garrantzitsua delako familia ahulenei laguntzea, obra egiteko ahalmen txikiagoa baitute.

2. Lerroa: obretarako laguntzak ematea segurtasunagatik: txarto zainduta dauden eraikinek pertsonentzako ekar ditzaketen arriskuak ezabatzeko edo gutxitzeko, eraikinen egitura eta eraikuntza sendotuz. Laguntza horiek elementu komunetarako zein pribatiboetarako izango dira. Laguntzak 20.000 eurotik 40.000 eurora igoko dira.

3. Lerroa: irisgarritasuna hobetzea eta igogailuak ipintzea: adinagatik edo dibertsitate funtzionalagatik mugitzeko zailtasuna duten pertsonak beren auzoan edo etxebizitzan gera daitezen, erroturik eta giza harremanei eutsiz, eraikineko eta etxebizitza partikularretako jarduketak egiteko laguntzak emango dira. Laguntzak 20.000 eurotik 40.000 eurora igoko dira.

4. Lerroa: Proiektu Bereziak: leku berezietan kokatutako eraikuntza-taldeetan esku hartzea bultzatzeko, araudiak babestu edo babestu beharreko elementuen balioa nabarmentzeko, edo balio kulturala duten eraikinen ondarea berreskuratzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Monumentuak eta begiratokiak zaharberritzeko kasuak sartzen dira, bai eta amiantoa kentzeko kasuak ere.Laguntzak 35.000 eurotik 45.000 eurora igoko dira.

5. Lerroa: beheko solairuetako lokalen irudia hobetzea: lokalen kanpoko irudia egokitzea eta berritzea da helburua, erabiltzen ari diren lokalak nahiz itxita daudenak. Beheko solairuko merkataritza-lokaletako fatxadak, erakusleihoak eta sarbideak hobetzeko, egokitzeko edo/eta modernizatzeko obrak dira (jarduera bat egiten bada, jarduera bat hasten bada edo erabiltzen ez bada), eta horiekin merkataritza bera modernizatzen da, kalearen merkataritza- eta uri-irudia atseginago, argiago egiten eta hobetzen da. Laguntza % 10etik % 40ra igo da, 5.000 euroraino esku-hartze bakoitzeko.

6. Lerroa: gizarte-kohesioa: bizi diren eraikinen birgaitze-obretako komunitate-gastuei aurre egiteko zailtasuna duten pertsonentzako eta familientzako laguntzak. Xedea da kolektibo baztertuenek egokitasunez bizitzeko modua izan dezatela eta diru baliabide gehiago dauzkaten pertsonekin batera bizi ahal izan daitezela, kanporatuak izan beharrik gabe komunitatearentzako eta egoiliarrentzako interes orokorrekoak diren obrei ezin aurre egiteagatik.

7. Lerroa: espazioen eraldaketa eta berrerabilpen berderako: jabetza pribatuko hiri-espazioetan eta higiezinetan ingurumena hobetzeko jarduketak egitea, abandonu edo utzikeria egoera lehengoratzeko, berrerabiltzeko eta eraldaketa "berderako", erabilera pribatu partikularraz harago joateko helburuarekin.

Hiri Berroneratzearen Sailak nahi du laguntza ekonomikoen araudiaren helburuak eta agintaldi honetarako ezarri dituenak eta Bilbo Balioen Hiriko balioetakoak bat etor daitezela; horretarako, 2020an, 2020-2023 aldirako oinarri hauek onartzean zenbait irizpidea sartu ziren, esaterako gizarte kohesioa eta jasangarritasuna.

ENERGIA-ERAGINKORTASUNA

Birgaitzeko laguntzen aurrekontuaz gain, Hiri Berroneratzearen Sailak 200.000 euroko partida bat kudeatuko du datorren urtean, uri osoan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak diruz laguntzeko. Nora Abetek azaldu duen moduan, Bilboko bizilagunek "birgaitze eraginkorragoaren aldeko apustua egitea" da helburua, "energia-eskaria eta CO2 emisioak murriztea lortzeko".

Hiri Berroneratzearen sailak uri osorako partida arrunt bat kudeatzen duen lehen aldia da, pandemian Etxebizitzarako Renove Planak (Bilbao Aurrera Planean jasoak) emandako ezohiko laguntzen kudeaketak metatutako esperientziaren ondoren.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten die. Horrek esan nahi du, uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, Surbisa udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.