Bilboko Udalak Rekaldeko Barrutiko Irala eta Ametzola auzoetan bizikidetza eta gizarte-kohesioa sendotzeko konpromisoa hartu egin du gaur goizean ospatutako topaketa batean.

Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako zinegotzia, Bilboko Udalaren izenean, eta Gazteleku elkartearen eta beste zenbait erakunde eta kolektibo publiko eta pribaturen kideak bildu dira gaur goizean, Iralan, Erakunde Harremanetarako Gunearen deialdiari erantzunez —2019an eratu zen Gunea, Errekaldeko Barrutiko Irala eta Ametzola auzoetan bizikidetza eta gizarte-kohesioa sendotzeko-.

«Auzoak Abian» Kulturarteko Esku-hartze Komunitarioko Proiektuaren barruan dago Bilboko Erakunde Harremanetarako Gunea. Konpromiso eta jarduketen protokolo batean oinarrituta, Bilboko Udalak eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek konpromisoa hartu dute modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko eta, bide horretan, kultura-aniztasun aberatsa duten Irala eta Ametzola auzoetan gizarte-kohesioa eta kulturarteko bizikidetza sustatu eta bultzatzeko.

«Foro horrek komunitate-koordinazioa eta lankidetza sustatzen ditu, baliabide tekniko eta profesionalak, hiritarrak, eta erakunde sozial eta instituzionalak harremanetan jartzeko tresna eraginkor eta efiziente gisa. Horregatik, hain zuzen ere, eredua apurka-apurka Errekaldeko Barrutiko gainerako auzoetara hedatzen ari gara, auzo horiek ere ekimen honen onurak jaso ditzaten», nabarmendu du Itziar Urtasunek.

Gaurko bileran, kulturarteko komunitate-prozesuaren aurrerapenak partekatu dituzte. Besteak beste, Komunitate Ebaluazioa izan dute hizpide, eta nabarmendu dituzte orain arte lortutako emaitzak, COVID-19aren pandemian zehar prozesuan egindako egokitzapenak, ekimena Barrutian mantendu eta zabaltzeak etorkizunera dakarren erronka, harreman-esparruak berrantolatu beharra eta Komunitate Programazio proposamena (esku hartzen duten guztien baterako jarduketekin).

Komunitate-prozesuan lantzen ari diren ekimen nagusien artean, hauexek nabarmendu daitezke:

  • «Auzoko Istorioak, Historiadun Jendea». Zenbait jatorritako auzotarrek bizipenak partekatzen dituzte, ardatz hartuta denak auzo berean bizi direla.
  • Eremuko baliabideen maparen eguneratzea.
  • Eskolarteko zenbait ekintza, Ikastetxeen Koordinazio Mahaiak sustatuta.

Honako hauek ere izan dira topaketan: Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak; Osakidetzaren Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratua; La Caixa Fundazioa; Médicos del Mundo-Munduko Medikuak; Iralabarri eta Torreurizar auzokideen elkarteak; Cáritas Bizkaia; Xenofobiaren Aurka Berdinak Gara elkartea; Iralabarriko Irala Berri Merkatari Elkartea; Amiarte-Artearen Lagunen Elkartea; HIESaren aurkako borrokan diharduen T4 elkartea; AVIFES-Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea; Izangai Elkartea; IES Eskurtze BHI; Amor Misericordioso ikastetxea eta Maestra Isabel Gallego Gorria HLHI.