aZKEN bi egunetan, Azkuna Zentroko Kulturen Atarian bigarren eskuko liburuak egon dira salgai, eta, euren salmenta prezioa euro 1 eta 5 euro artekoa izan da. Aukera hori ikusita, pertsona asko igaro dira bertatik asteburuan zehar: ohiko literatur zale sutsuak, gurasoak euren seme-alabekin batera, liburu azoka ustekabean topatu duten pertsonak...

Zentzu horretan, bisitari askok ez zuten ulertzen sarreran jartzen zuenaren esanahia: Liburu bat eros ezazu beste berri bat argitaratzekoBaina horren atzetik bazegoen esanahi argi bat, Euskadi Irakurketa Erraza elkarteak bere webgunean jakinarazi zuen moduan: “Irakurketa Errazeko formatuan gazteleraz dagoen Kalafate literatura unibertsaleko klasikoen bilduma euskaraz etengabe argitaratzea”. Hartara, azoka xume horretan lortutako irabazi guztiak bilduma horretara bideratuko dira.

Dena den, helburu hori alde batera utzita eta ekimen honen sustraietara joz, zer da zehazki Euskadi Irakurketa Erraza ekimena? Proiektu honek irakurmen eta ulermen zailtasunak dituzten pertsonei erantzuten die, pertsona guztiok zailtasun edo zailtasunik gabe eskubidea izan dezagun informazioa irakurri eta ulertu ahal izateko”, azaldu zuen Nerea Aizpuruak, Irakurketa Erraza elkarteko kideak.

Gaur egun, Europako hegoaldean, hamar biztanletik hiruk testuak ulertzeko arazoak dituzte askotariko arrazoiengatik. Hori dela eta, dinamika honen bidez, pertsona horiei toki bat eskaini nahi zaie. “Desgaitasun intelektual bat duen pertsona batentzat Romeo eta Julieta irakurri ahal izatea, berarentzat mundu bat irekitzea bezalakoa da”, gogoratu zuen Aizpuruak. Aipatu bezala, arrazoiak anitzak dira, eta hala erakutsi zuen atzo Mari Luz Fernandezek, Irakurketa Erraza elkarteko jardueretan 4 urte parte hartzen daramatzan bilbotar batek: “Erretiratu ostean, euskaraz ikasten hasi naiz eta praktikatzeko sartu nintzen ekintza honetan. Nik argi daukat: euskalduna naiz eta nire hizkuntza euskara da, baina nire garaian ez nuen aukerarik eduki euskara ikasteko”.

Hizkuntza hitz egin, ulertu eta interpretatu ahal izateko bide horretan, Fernandezek gazteei bideratutako euskarazko liburuak erosi zituen, eta ez zuen inolako lotsarik zentzu horretan, berarentzat bere buruaz harro egoteko arrazoi bat zelako. Gainera, halakoak maiz irakurtzen dira ozen Irakurketa Erraza elkarteko aktibitateetan. “Irakurketa partekatuak egiten ditugu eta oso magikoak dira. Jende asko harrapatuta geratzen da, batez ere euskaraz, goxotasun hori hartzen duzu eta irakurtzeko gogoa pizten da”, azaleratu zuen Aizpuruak.

Bizirauteko erronka

Azken asteburuan mahai baten gainean ikusitako paperezko liburuek iraungipen-datarik al dute? Ondarea handia da gero, eta formatu honek uste baino leial gehiago ditu. “Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina liburuak begiratzea, irekitzea eta miatzea bezalakorik ez dago. Nire ustez mantenduko dira, ohiturak ekintzara bultzatzen gaituelako, eta erromantikoak oraindik haien bila joango gara”, aitortu zuen Osvaldo del Valle bilbotarrak.

Paperezko lilurak bere horretan dirau, eta liburu hitzaren alegiazko adiera ere dago bizirik gaur egun. “Liburu bat bestelako mundu bat da, esperientzia berezi bat, liburua bidaia bat dela esango nuke”, adierazi zuen Nuria Regueirok, azokatik pasatu zen liburu zale batek.

Gauzak horrela, liburu digitalen mehatxua ez zen sumatu azokan, baina aurrerapauso bat emateko asmoa, ordea, bai. Irakurketa Erraza elkarteak jakinarazi zuenez, “beste erronka bat dago audioliburuekin, zailtasun handiak dituzten pertsonengana heltzeko”. Proiektua martxan jarri zenetik, erronkek ez dute izan mugarik, eta 1967an Suedian hasi zen irakurketa errazaren aldeko mugimendua errealitate bat da gaur egun Euskadin.

“Irakurmen eta ulermen arazoak dituzten pertsonei laguntzen diegu”

Irakurketa Erraza elkarteko kidea

“Nire garaian ez nuen aukerarik izan, baina argi daukat: euskara da nire hizkuntza”

Euskara ikasten dabilen emakumea

“Niretzat liburuak begiratzea, irekitzea eta miatzea bezalakorik ez dago”

Bilboko biztanlea