Gaur goizean, azaroak 8, bere ateak ireki ditu Elkano kaleko 20 eta 22 zenbakietan kokatutako Abandoko Ikuskaritza berriak. Lokal berrian 74 udaltzain arituko dira lanean.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, beste zinegotzi batzuek, Aitor Lete Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Koordinazioko zuzendariak, Adolfo Alustiza Herritarren Segurtasuneko Saileko zuzendariak eta Bilboko Udaltzaingoaren arduradunek instalazio berriak bisitatu dituzte gaur.

“Udal ekipamendu hau irekitzearekin batera, udal-ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek sustatutako Segurtasun Ituneko konpromisoetako bat betetzen dugu” -gogorarazi du Alkateak-. Gainera, “urrats berri eta garrantzitsuak ematen ditugu Bilboko Udaltzaingoak herritarrengandik hurbil dagoen polizia izateko duen asmoan”.

ABANDO-INDAUTXUKO IKUSKARITZAREN

Instalazio berriak bisitatu dituzte gaur. Polizia-bulego berriek 852 metro karratuko azalera eraikia dute. Bilboko Udalak BBKri erosi zion lokala iazko amaieran. Eta Abando-Indautxuko Ikuskaritzaren egoitza baino lehen, barrutiko udaltegia behin-behinean hartzeko erabili zen, Barrainkua kaleko 5. zenbakira behin betiko aldatu eta birgaitu aurretik.

Hemendik aurrera, Abando eta Indautxu auzoetako 51.226 biztanleei emango zaie zerbitzua (23.128 gizon eta 28.098 emakume). Gainera, Ikuskaritza honek salaketa judizialak jasotzeko zerbitzu zentralak hartuko ditu eta, horretarako, eguneko 24 orduetan laguntza zerbitzu iraunkorra izango du. Era berean, hainbat tipologiatako biktimei arreta eta informazio zerbitzua emateko berariazko baliabideak izango ditu, bereziki talde ahulenei.

Hori dela eta, lokal horien banaketa espaziala zein zerbitzutarako diren kontuan hartuta egin da, eta horretarako hiru espazio bereizi definitu dira.

  • Lehenik eta behin, herritarrentzako harrera- edo arreta-eremua dago, eta eguneko 24 orduetan polizia-arreta iraunkorra izango du. Hemendik edozein kontsulta egingo da eta salaketak jasotzeko eta biktimei laguntzeko zerbitzua ere eskainiko da. Horretarako, hiru bulego ditu, baita itxaron-gela ere. Hortik, Laguntza eta Informazio Aretora sartzen da, biktimei harrera egiteko. Kasu horietako bakoitzean ezinbestekoak diren intimitatea eta pribatutasuna babesteko ezaugarri eta baldintza egokiak eman zaizkio gune honi.
  • Definitutako bigarren eremua -sarbide bereiziarekin- zerbitzuaren eta Ikuskaritzako agenteen eta arduradunen beharretarako da. Bertan, emakumezkoen eta gizonezkoen aldagelak, armategi bat, biltegi bat, atsedenleku bat eta abar prestatuko dira.
  • Horiez gain, hirugarren eremu bat ere badago, buruaren bulegoak eta ikuskatzailetzaren zerbitzuko beste bulego batzuk, hala nola bilera-gelak eta gela balioaniztunak, eta kudeaketa-bulegoak gertuko agenteentzat eta polizia komunitarioarentzat.

Kanpoan, ibilgailuak linean aparkatzeko gunea erreserbatuko da ekipamenduko sarreraren ondoan, ibilgailu ofizialetarako. Era berean, eremu publikoan lekua gordeko zaie Ikuskaritzara gestioren bat egitera autoz joaten diren pertsonei.

HERRITARREI IREKIA

Abando eta Indautxuko segurtasun arloko auzo-tailerretan parte hartzen duten elkarteek eta Elcano kaleko 20 eta 22ko auzokoen elkarteetako presidenteek instalazio berriak bisitatu dituzte gaur goizean. Bisita horretan lagun izan dituzte Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotzia eta Adolfo Alustiza, saileko zuzendaria.

Inguruko bizilagunek ere udal ekipamendu berria ezagutzeko aukera izango dute. Ikuskaritzako buruek kudeatuko dituzte bisitak, azaroaren 9an, 10ean eta 11n.

177. URTEURRENA

Bilboko Udaltzaingoak 177 urte bete ditu gaur eta, horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Elcano kaleko ikuskaritza berriaren inaugurazio-ekitaldian izandako hitzaldiaz baliatu da bere zorionik zintzoena hura osatzen duten guztiei helarazteko.

Ekintza xumea izan da Udaltzaingoaren sorrera gogoratzeko; hain zuzen ere, 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkate zela. Hasieran hamabi agente eskas zituen; gaur egun, 177 urte geroago, 832 gizonek eta emakumek osatzen dute kidegoa.

Herritarren segurtasuna giltzarria da Bilborentzat eta gainera, 2018ko martxoaz geroztik alderdi politiko guztiek aho batez sinatutako Ituna dago. Akordio horrek lehentasuna ematen dio segurtasun-politika prebentiboari, gizartea gaitzeko eta ahalduntzeko hezkuntza-programetan oinarrituta, eta talde ahuletan, bizikidetzan eta errespetuan jartzen du arreta.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da polizia komunitarioa izatea, herritarrengandik hurbil dagoena eta herritarren arazoak eta kezkak ezagutzen dituena. Bilboko Udaltzaingoa badabil bide horretan, eta barruti guztietan 14 auzo-tailer daude. Foroak frogatzen ari dira herritarrek zuzenean parte hartzeko konfiantzazko guneak sortzea funtsezkoa dela uriko auzoetako segurtasuna planifikatzeko eta auzoetan sortzen diren gatazkak konpontzeko.