Larunbat honeta, azaroaren 6a, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak 2020/2021 denboraldiko ibilgailua kaleetatik ibiliko da. Zehazki, Sabino Arana, Kale Nagusia, Euskadi Plaza, Bilboko Udala eta Albia lorategiak ibiliko da 30 minutu inguruz, 12:30etan hasita.

Formula Student Bizkaia proiektuak egindako lehiaketarako ibilgailu elektrikoak hiriko kale nagusiak zeharkatuko dituen “Driving Bilbao” ekimena 2015az geroztik ospatzen da, EHUk azaroan antolatzen duen Zientziaren Astearekin bat eginez.

2006an sortutako Formula Student Bizkaia irakaskuntza-proiektuak Formula motako monoplaza diseinatzeko eta eraikitzeko erronka planteatzen die bertan parte hartzen duten ingeniaritzako ikasleei. Proiektu hori Silverstoneko eta Bartzelona-Kataluniako zirkuituetan egiten diren nazioarteko Formula Student ekitaldietan lehiatzen da, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren kontra. Proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolako 60 ikaslek eta 3 irakaslek osatzen dute.

Bilboko arteria nagusiak zeharkatuko dituen Formula Student Bizkaia monoplaza, munduko unibertsitate-lehiaketarik ospetsuenetako batean parte hartzeko Bilboko Ingeniaritza Eskolan eraiki den hamabosgarrena da. Formula Student ekitaldiak nazioarteko unibertsitateetako ikasleen arteko ingeniaritza-lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 100 taldetako 3.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

FSB2021 prototipoa monoplaza elektrikoa (80 kW) da; 22 kilometroko autonomia du potentzia osoan; atzeko trakzioa du, motor elektriko bikoitzaren bitartez; monokaskoa eta karbono-zuntzezko pack aerodinamikoa; 212 kilogramoko pisua; puntako abiadura 107,5 kilometro ordukoa da; azelerazioa, 3,8 segundo orduko 0 eta 100 kilometro artean; eta wifi bidezko telemetria.

Aurreko FSB2020ren teknologian oinarritzen da, baina hobekuntzak ditu hainbat arlotan: txasisa eta aerodinamika batera diseinatu dira kurbetan heltzeko gaitasuna hobetzeko; esekidura karbono-zuntzez egin da pisua murrizteko eta gidatzeko erraztasunari eusteko; baterien packa optimizatu egin da, tamaina eta pisua murriztuz eta paketatzea trinkotuz; eta, azkenik, balaztatzean energia berreskuratzeko sistema bat txertatu da.