BAD- Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia azken edizioak arrakasta handia lortu du, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Pasa den igandean, urriaren 24a, amaitu zen XXIII. edizioa eta datu ofizialek esaten dute ekitaldi guztiek %80 inguruko aforoa lortu dutela. Guztira, 20 konpainiak hartu dute parte, horietatik 10 euskaldunak izan dira: Kabia Teatro, Nerea Martínez, Altraste Danza, Lokke / Olatz de Andrés, Horman Poster Kolektiboa, Jon Ander Urresti, Isaak Erdoiza & Nazario Díaz, Colectivo V.A.L.A, Koldo Arostegui eta Cielo Raso).

Jaialdiak askotariko programazioa izan du, kalitate handikoa, eta kartelaren erdia baino gehiago estreinaldiak izan dira. Oso harrera ona izan dute bai ikusleek, bai jaialdira hurbildu diren profesionalek, normalean zirkuitu komertzialenetatik kanpo geratzen diren proposamenen bila.

BADen antolatzaileek bereziki nabarmendu dituzte bertako konpainien estreinaldiak, eta horietan, "Ez dago sarrerarik" kartela eskegi da salbuespenik gabe ("Abrazo", Nerea Martínezena; "Hacer tiempo", Lokke / Olatz de Andrésena; "Fuego verde", Isaak Erdoiza eta Nazario Díazena; eta "El ritmo que nos precede", Koldo Arosteguirena).

Gainera, bereziki txalotuak izan dira Juana Dolores ("Massa diva per a un moviment assembleari"), Alberto Cortés ("El ardor"), Atresbandes, Bertrand Lesca, & Nasi Voutsas ("It don 't worry me"); eta Los Detectives ("Pensé casa, digo silla") konpainien proposamenak, lehenengo biak gai sozial eta politikoengatik, eta azken biak gai sakonak jorratzera daraman umoreagatik.

Halaber, 2021 honetan oso garrantzitsua izan da zuzendari artistiko, programatzaile, eta artisten presentzia, BAD erreferentziazko jaialdi eta topagune gisa baitute, ikuskizun abangoardista, harrigarri eta berriez gozatzeko.