'Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria' III. Plana aurkeztu du Bilbok

26.10.2021 | 20:52
Planaren kartela.

Gaur goizean, urriak 26, asteartea, ezagutzera eman du Bilboko Udalak 'Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria. 2020-2024' izeneko III. Plana.

Ekitaldi instituzional batean, Arabiar Aretoan eta Juan Mari Aburto alkatea buru zelarik, lan-proiektu berri honen gakoak eman dira ezagutzera. Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu ditu Plan berri honen prozesua eta diseinua. Plana idazteko, adineko hamaika boluntarioren laguntza aktiboa izan du. Hain zuzen ere, pertsona horietako batek, Itziar Bilbaok, bere esperientzia kontatu du.

Uriko adinekoen ordezkarien "talde eragile" honi eskerrak eman dizkio alkateak proiektu honetan parte hartzeagatik: "eskerrak eman nahi dizkizuegu lan-plan hau diseinatzen lagundu izanagatik. Zuen konpromisoa da gure uriak 'Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria' Planetik espero duenaren islarik onena: herritar aktiboak, kritikoak eta guztion onerako inplikatuak." Horren aurretik, Aburtok aukera izan du kolaboratzaileen talde horrekin biltzeko lan-topaketa batean, haien kezkak, uriari buruz duten ikuspegia eta Gizarte Ekintzako Sailaren dokumentu estrategiko honen helburuak partekatzeko eta eztabaidatzeko.

2024ra arte ezarritako Planaren hirugarren bertsio honen ezaugarri nagusia da parte-hartzailea, irekia eta malgua izatea. Herritarren aldetik premia eta aukera berriak sortu ahala jarduera eta estrategia berriak sartzea da asmoa.

Izan ere, Juan Mari Aburtok beste bilbotar batzuk animatu ditu bat egitera eta Udalaren Adineko Laguntzaileen Sare berri batean parte hartzera. "Partaidetza handiagoa nahi dugulako, adinekoen protagonismo handiagoa politika publikoen diseinuan, zuzeneko inplikazio handiagoa auzoen hobekuntzan, zerbitzuetan, kultura-, kirol-, aisialdi- eta jai-eskaintzan... Hemen, guztiok ematen dugu, borondatea besterik ez dugu behar", adierazi du alkateak.

"Bilbo uri adiskidetsuagoa, parte-hartzaileagoa, inklusiboagoa, osasungarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa izan dadin, bertan bizi diren adinekoen bizi-kalitatea errazteko eta hobetzeko", plan hau 10 ardatz estrategikotan, 34 helburutan eta 17 ekintza lehenetsitan egituratzen da, udal-politikekin zerikusia duten hainbat jarduera-eremutan: hirigintza, berdintasuna, gizarte-zerbitzuak, kultura, kirola (Bilbao Kirolak), osasuna, partaidetza eta herritarren informazioa, besteak beste.

Bilboko Udalak "Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria" izeneko proiektu estrategikoaren fase honi aurre egingo dio, udal zerbitzu eta politiketan adinaren ikuspegia hobeto txertatzeko konpromisoarekin. Gaur egun, uriko hiru pertsonetatik batek 60 urte baino gehiago ditu, biztanleriaren % 31 60 urtetik gorakoa da eta % 9 80 urtetik gorakoa (2019ko datuak).

Ildo horretan, alkateak ohartarazi du "adina ez dela oztopo uriko bizitzan, ekintza komunitarioetan eta auzoen hobekuntzan parte hartzeko". Biztanleriaren bizi-itxaropena handitzeari dagokionez, Juan Mari Aburtok aitortu du "biztanleriaren zahartze progresiboak gaur egungo erronka garrantzitsuenetako batzuk planteatzen dizkigula" eta, gainera, ziur agertu da "erronka handia dugula. Aurreratu egingo gara eta 20 urte barru zer beharko dugun iragarriko dugu. Izan gaitezen ausartak. Presta dezagun 2040ko uria. Uri adimentsua, eskuzabala, aukerak dituena eta belaunaldien arteko justizia sustatzen duena".

III. Udal Plan hau Bilboko Balioen Agiriarekin (Bilbao Balioen Hiria) eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta dago.

noticias de deia