Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu dagoeneko Zorrotzako udal kiroldegiko atletismo pistan egindako lanak. Guztira, Udalak 455.000 euroko inbertsioa egin du atletismo pista berritzeko. Gaur goizean, urriak 13, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Erroteta egon dira bertan, pista ikuskatzen.

Ikustaldia egiten izan dira orobat Bilbao Atletismo Santutxu klubeko presidentea eta zuzendari teknikoa, Alex Carnero eta Amaia Piedra, hurrenez hurren, eta baita klubeko bi atleta ere: Elena Loyo eta Majida Maayouf. Biek egin dute kirol erakustaldi bat pistan, klubeko beste kategoria batzuetako atletekin batera entrenatu ohi diren lekuan.

Aburto alkateak gogorarazi duenez, "Udalaren helburu nagusietako bat da uriko kirolerako udal instalazioak onik zaintzea eta hobetzea, osasuna sustatzearren bizi ohitura osasungarri moduan pertsona guztien artean, eta herritzarrentzako kalitatezko kirol eremuak eskainiz."

ZOLADURA ETA BEROTZE ARIKETAK EGITEKO EREMUA HOBETZEA

Hona hemen eginarazitako lanak:

  • Zoladura sintetikoa aldatzea lehiatzeko pistan, eta baita belar artifiziala ere berotzeko ariketak egiteko eremuan.
  • Kirol modalitate horrek bereak dituen elementuak hobetzea, hala nola oztopoetako putzua eta jauzietako oholak.
  • Zintarri berri bat jartzea.
  • Pistako marka, margo eta seinale berriak.

Obra horiei esker, saneamendu-sarean garbiketa-lanak egin ahal izan dira.

Lan hauek egiteko, 455.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egi behar izan da, eta Bilboko herritarrek eskatuta egin dira, gainera, Parte hartze bidezko aurrekontuen bidez.

Zorrotzeko atletismo pistak hiru gune ditu: lehena, lehiatzeko pista: 400 metroko barne-perimetroa dauka, eta 8 kale, eta 110 m-ko zuzen bat lasterketarako. Era guztietako lasterketak, jauziak (luzetarakoa, hirukoitza, garaierakoa eta haga bidezkoa) eta jaurtiketak (mailua, diskoa, xabalina eta pisua) egiteko prestatua dago; bigarren gunea berotzeko ariketak egiteko pista da, belar artifizialezkoa, footing-a eta altetismoko entrenamenduak egiteko, eta azken gunea pistak inguratzen duen barruko zelaia da, benetako belarrezkoa, jaurtiketak egiteko eta are beste kirol batzuk egiteko ere.