Bilboko Udalak 1.685.730 euroko aurrekontua bideratuko du Santutxu auzoko Basarrate Landa birmoldatzeko. Lanak hamar hilabetetan burutuko dira, eta denbora horretan hainbat berrikuntza egingo dira.

Lan hauekin hiru helburu lortu nahi dira: ingurunea modernizatzea, funtzionala izan dadila, eta diseinu homogeneoa eskaintzea, Santutxu auzoko espazio horri osotasuna emateko.

Egoteko zona ahalik eta gehien handituko da. Horretarako, perimetroko horma eta parterreak kendu beharko dira, espazio bakar eta irekia sortzeko, oztoporik eta bereizketarik gabe.

Egonaldirako espazioa handitzeko asmo hori areagotuta, Basarrate landa kalea oinezkoentzat jarriko da, 1 eta 3. zenbakien artean, eta Juan de la Cosa, Iturriaga eta Antonio Eguiluz Sendagilea bideak txikiagotu. Hiru kale horiek ezaugarri bereziak dituzte, bai kontu teknikoengatik, bai erabiltzen dituzten pertsona motengatik. Hala eta guztiz ere, Udalak egingo duen proiektuak diseinu bera emango die guztiei.

PLAZA

Plazak funtzionala izaten jarraituko du, eta erabilera guztiak orain dauden lekuetan mantenduko dira: egoteko zona, jolasen gunea, ekitaldietarako, azoketarako eta abarretarako erabiltzen den espazioa eta abar.

Zorua osorik berriztatuko da eta ingurune osoan akaberako material berdinak erabiliko dira, osotasun-irudia indartuz. Zehazki, Basarrate Landaren azalera osoan, asfalto urtu leunduzko geruza uniforme bat zabalduko da. Material hori labainketen aurkakoa da, erraz garbitzen da, eta jarri eta berehala hasi daiteke erabiltzen.

Udalak orain dauden zuhaitzak kontserbatuko ditu, eta Iturriaga kaleko zuhaitzen sustraiak haztearen arazoa konponduko du, espaloiak deformatzen ari baitira. Hartara, parterre- eta banku-eremu bat sortuko da, forma linealekin, plazako zuhaitzak isolatzeko eta espaloiaren gaineko eraginak saihesteko. Parterre hauetan, gainera, bankuak prestatuko dira plazaren alboan, jendea elkartzeko zona berriak sortze aldera.

Modu berean, trazadura linealeko landare-parterreak jarriko dira Basarrate Landa kalearen bidean, bidea behin betiko plazan txertatzeko. Haietan, zuhaitzak, soropila, zuhamuxkak eta loreak landatuko dira, eta landare usaintsuak ere bai, hala nola izpilikua, erromeroa, mendafina eta berbena limoiusaina; eta, plazaren hegoaldean, komun publiko bat ezarriko da.

Erdialdeko nahiz espaloietako maldak mantenduko dira. Iparraldean, desnibel hori berdintzeko, hormigoizko harmaila batzuk jarriko dira, anfiteatro baten itxurarekin, Juan de la Cosa kalerantz banku jarraitu bat osatuko dutenak.

Umeen jolasgunea oraingo lekuan geldituko da, eta horma mugakidea handituko da, kanpoko perimetroan beste banku korritu bat egin ahal izateko moduan. Jolas berriak sartuko dira eta, gainera, beste batzuk asfaltoan margotuko dira, margo akrilikoekin.

Umeen jolasguneetatik parterreekin eta bankuekin bereiziko dira elementu bioosasuntsuak. Orain daudenak berrerabiliko dira, garbitu eta margotu ondoren.

Gainera, hiri argiak eta altzariak berriztatuko dira.

JUAN DE LA COSA KALEA

Bide hau Santutxu eta Iturriaga kaleen artean doa. Espaloi altxatu bat dauka bidearen bi aldeetan, eta ez dauka ibilgailuentzako aparkalekurik.

Basarrate Landaren proiektuaren barruan, Juan de la Cosa kaleari dagokion tartean, Bilboko Udalak bidea errei bakar batera murriztuko du, aparkatzeko plazak sortzeko eta plazaren ondoan dagoen espaloia handitzeko moduan. Gainera, une honetan espaloian, zuhaitzen artean, dauden edukiontzi guztiak birkokatuko dira.

Oinezkoen pasabidea Iturriaga kalera eramango da, txorkoak kenduko dira eta parterre bat ipiniko da, bidea eta espaloia bereizten dituena. Haren ondoan, egoteko guneak sortuko dira, plazan erabiliko den zoladura drainatzaile bera edukiko dutenak.

ITURRIAGA KALEA

Kale honek bi noranzkotan dauka zirkulazioa Laurencín Markesaren kaletik Juan de la Cosaraino. Laurencín Markesaren kaletik Antonio Eguiluz Sendagilearen kaleraino, berriz, zirkulazioa noranzko bakarrean egiten da. Zirkulazioaren dentsitatearen eta auzoan duen eraginaren ondorioz, orain dagoen moduan mantenduko da.

Plazaren ondoko espaloian hamahiru zuhaitz daude; haien sustraiak espaloia eta zoladura altxatzen ari dira, eta oinez igarotzea oztopatzen dute. Egoera hau konpontzeko, arestian esan dugunez, parterreak egingo dira bideraino.

Iturriaga/Basarrateko autobus-geltokian, Bilbobusen 13. lineari dagokiona, leku berean jarriko da. Bilbaobizi udal bizikletak mailegatzeko guneak ez du jarduketaren ondoriorik jasango.

ANTONIO EGUILUZ SENDAGILEAREN KALEA

Antonio Eguiluz Sendagilearen kaletik plazara doan sarbide nagusia kenduko da: Iturriaga kalearen gurutzera aldatuko da, eta oinezkoen mugikortasuna hobetu.

Euspen-horma mantenduko da, eta zutabeak eta barandak kendu. Haien ordez, altzairu herdoilgaitzezko babes-barandak ipiniko dira, eskubandarik gabe. Gainera, hormaren egitura konponduko da, pitzadurak edo narriadurak dauden zonetan.

ERAGINAK MURRIZTEA

Lanak faseka egingo dira, herritarrei ahalik eta eragin eta kalte gutxien egiteko, eta une oro bermatzeko oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eta zerbitzuen erabilera, hala nola autobusen eta Metro Bilbaoren geltokiak. Basarrate Landa birmoldatzeko planteatu diren lanik gehienek ez dute eraginik ibilgailuen zirkulazioan, salbu eta Iturriaga kalearen tartean (hemen zirkulazioa berrantolatu beharko da).

Proiektu honen barruan, beste fase bat izango da Unión Begoñesa Etxaldearen urbanizazioan argiztapen publikoa berriztatzea, eremuaren hegoaldean. Bertan, orain dauden argien ordez LED argiak jarriko dira, eta argiztapenaren eta kableen kanalizazioa eguneratuko da.