Joan den ostegunean, irailak 30, Europako Kontseiluak Europar Diplomarekin saritu du Bilbo. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, zeremonia ofiziala telematikoki egin da.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak jaso du Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak egiten duen ezagutza, Bilbok europar ideiak sustatzeko eta hedatzeko duen konpromisoagatik, nazioarteko sareetan duen parte hartzeagatik eta jardunmolde onak trukatzearren europar proiektuetan duen partaidetzagatik, eta, halaber, uriaren izaera kooperatiboagatik, kooperazio deszentralizatuarekin duen konpromisoagatik eta atzenengo hamarkada hauetan Bilbo eraldatu duen ahalegin kolektiboagatik.

Europako Kontseiluak nabarmendutako proiektuetako bat, Bilbok sari hau jasotzeko baliagarri izan dena, Bilbo Balioen Hiria izenekoa da.

Diploma hau eman izana da lehen urratsa Europa Saria jasotzeko prozesuan, Europako Kontseiluak ematen duen saririk handiena 1949an sortu zenetik, urtero hiri bat bereizten duena europar proiektuarekin duen konpromisoagatik eta partaidetzagatik eta Europaren balioak hedatzeagatik.

Europa Sariak geroz eta ospe handiagoa bildu du, eta udalerri txikientzako ez ezik, hiri handientzako ere izan da inspiragarri, eta herrialde askok parte hartzen du saria irabazteko norgehiagokan. Diploma hau eskuraturik, Bilbok beste urrats bat egin du hautagaitza horretan lehiatzeko, eta, hala, uriak xedetzat izango du, aurrerantzean ere, europar balioak defendatzeko lan egitea eta aurrera egitea, eta etorkizunean hiri kohesionatu baten gisa eta europar balioekin eta GJHekin lerrokatu baten gisa ezagutua izatea.

EUROPAKO KONTSEILUA

Europako Kontseilua nazioarteko erakunde bat da, eta xede nagusia du giza eskubideak, demokrazia eta zuzenbide-estatua defendatzea, babestea eta sustatzea (batez ere eskubide zibilak eta politikoak). Era horretako erakundeetan bera da aintzinakoena gure kontinentean, eta Europako 47 nazioak biltzen dira bertan, Bielorrusia izan ezik.