Santutxu izango da Bilboko Udalak uriko auzoen historia sakonean ezagutzeko martxan jarritako Argazkinetaren hurrengo geralekua. Bertan egongo den denboran, urriaren 13tik azaroaren 3ra bitartean, Argazkinetak auzoko material grafikoa bilduko du, auzoaren historia jendeari helarazteko.

Oraingo honetan, Santutxu auzoan ibiliko den furgoneta da ekimenaren protagonista. Hala, ibilgailua auzoko hainbat tokitan jarriko da, eta zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak (paperean edo digitalizatuak), diapositibak eta negatiboak, bideoak edo filmak edozein formatutan (super 8, VHS, BETA), edo bestelako materialak - planoak, zirriborroak, egunkarietako ebakinak, aldizkarietako ebakinak, bandoak, aktak, kartelak, eskuorriak edo eranskailuak - partekatu nahi dituzten bisitari guztien zain egongo da.

Horrela, dokumentu eta istorio horien bizitza luzatu eta garai berrietara birziklatuko ditu formatu digitalera eramanez, eta aldi berean, aldi jakin batean auzo baten kontakizuna kolektiboki eraikiko du proiektu honek. Ekimenak XX. mendeko materiala bilatzen du.

"Argazkineta"-k oroimen horiek balioan jartzearen alde apustu egiten du. Izan ere, oroimen horiek material ezin hobea izan daitezke aurreko garaietako auzoko bizitza nolakoa zen, hango espazioak nolakoak ziren, nola erabiltzen ziren, edo hango kaleetan aspaldi bizi zirenak nola janzten ziren dokumentatzeko. Horrela, dokumentu hauen bidez, belaunaldi gazteenek eta Santutxuko bizilagunek auzoaren historiaz goza dezakete.

"Argazkineta" ondoko lekuetan kokatuko da:

  • Urriaren 13tik 19ra: Julián Bolivar Elorduy kalea, 2 (Pollo Rikoren aurrean)
  • Urriaren 20tik 26ra: Juan de la Cosa kalea, 25 - 23 - 21.
  • Urriaren 27tik azaroaren 3ra: El Carmen plaza (Santutxu kalea, 32 - 34).

Ordutegiei dagokienez, goizetik 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bisitatu ahal izango da.

Gainera, materiala ekarri nahi baina auzaora joan ezin dutenentzat, urriaren 18tik azaroaren 7ra arte digitalizatutako materiala on-line bidali ahal izateko atala jarriko da martxan Bilboko Udalaren webgunean.

Bildutako material guztia Argazkineta Show-en partekatuko da abenduan Santutxun egingo den ekitaldi dibertigarria, parte-hartzailea eta atseginean, eta, bertan, ibilgailura hurbildu direnek bidalitako argazkiak, bideoak, oroitzapenak eta bizipenak proiektatuko dira.

Era berean, jendea auzoaren historiara hainbat modutan hurbildu ahal izango da: furgonetak berak bildutako materiala pantaila baten bidez erakutsiko du eta materiala, gainera, udal artxiboetan gordeko da etorkizunean erabili edo kontsultatzeko.

Eta 2022an, argazki eta material nagusi guztiak Santutxuko Udaltegiko telebista pantaila batean bildu eta erakutsiko dira, eta YouTuben ere ikusi ahal izango dira.

2019TIK AURRERA

"Argazkineta"-k 2019an ospatu zuen lehen edizioa, eta Zorrotza auzoa izan zuen protagonista. 2020an egin zen bigarren edizioa, eta bertan protagonista Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda eta Sarriko izan ziren.

Auzokideen aldetik orain arte jasotako erantzun onak eta auzo bakoitzean bildutako 2.000 materialek proiektu honekin jarraitzea ahalbidetu dute hirugarren edizio honetan.

INFOBILBAO

Bilboko Udalak urriko lehen astean hasiko du InfoBilbao udal Informazio-buletinaren ale berri bat, oraingo honetan "Argazkineta"-ri buruzkoa, etxez etxe banatzen. InfoBilbao berriak 17.000 ale banatuko ditu guztira etxez etxe postontzietan sartuta eta udal zentro eta ekipamenduen sarearen bitartez (Udaltegiak, liburutegiak...).

PDF formatuan ere eskura daiteke webguneko "Udalaren argitalpenak" atalean.

BILBAO IZAN

"Argazkineta" ekimenak Bilbao Izan proiektuaren barruan kokatzen dira. Bilbao Izan markaren atzean, Udalak Kultura uriaren funtsa zabaltzeko bultzatzen dituen programa guztiak: historia, ondarea, pertsona garrantzitsuek utzitako aztarna, hirigintza, auzoen historiak, kaleen eta bazter bitxienak.

Bilbao Izan batez ere bertako herritarrentzat da, baina bisitarientzat edo gure uriaren berri zehatzagoa eduki nahi duten pertsona guztientzat ere zabalik dago.

BILBAO BALIOEN HIRIA

Bilbao Izan erabat konprometituta dago Bilbao Balioen Hiria proiektuarekin, Bizkaiko hiriburuan balio partekatuen esparru bat sustatu nahi baitu; besteak beste, konpromisoa, ahalegina, ilusioa, parte-hartzea, sormena eta, bereziki, nortasuna.